Ospele pilota taldeko kideek behin betiko agurtuko dute frontoia bihar

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 7a

Pilotariak Orioko frontoian. (artxibokoa)

Ospele pilota elkarteko gaztetxoek azkenengo aldiz jokatuko dituzte norgehiagokak bihar, herriko frontoian. Datorren astean, Eraikiru SL enpresaren esku utziko dute frontoiaren azpiegitura, eta udalak aurreratu duenez, instalazioen bajak tramitatu eta eraisketa lanak hasiko dituzte.

Ospele pilota klubak antolatuta, haurren pilota partidak jokatuko dituzte bihar azkenekoz frontoian. Arratsalde 16:00etatik 18:30tara izango dira norgehiagokak, eta taldean aritzen diren neska mutilek azken aukera izango dute egungo frontoia erabiltzeko. Orioko Udalak zehaztu duenez, astelehenean frontoia erabat itxiko dute eta ez da erabilgarri egongo.

Datorren astean, hain zuzen ere, Eraikiru SL enpresaren esku utziko dute frontoiaren azpiegitura, eta aurreikuspenen arabera, instalazioen bajak tramitatu eta eraisketa lanak hasiko dituzte. Gainera, lanek eragina izango dute herriguneko trafikoan, eta momentu batzuetan udaltzainak ariko dira trafikoa bideratzen, "kamioien sartu-irtenak ondo kudeatzeko eta arazorik ez sortzeko", gehitu du udalak. 

Urrian jakinarazi zuten frontoiko hainbat elementu berrerabiltzeko asmoa, eta besteak beste, frontisa desmuntatzeko saiakera egingo du. Horrez gain, beste hainbat material jasotzeko aukera ere eman zitzaien herritarrei, eta dozena erdi bat lagunek azaldu zuten interesa. Udala haiekin harremanetan jarri da, eta egun hauetan bideratu da bilketa eta entrega.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide