BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da 'Errio' dokumentala

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 26a, 18:16

'Errio' dokumentaleko une batean, Nagore Urdapilleta aurkezlea errioan arraunean.

226 film aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, eta horietatik 45 aukeratu dituzte, tartean Orioren itsas ondarea erakusten duen lana. Jaialdia abenduaren 5etik 14ra egingo da.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiak gaur jakinarazi du 45 pelikulek parte hartuko dutela aurten abenduaren 5etik 14ra egingo den zinemaldiko Sail Ofizialean. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten filmak dira, "guztiak produkzio berriak, gehienera jota bi urte baino ez dituztenak". Film horien artean hautatu dute Errio dokumentala, Orioko Udalaren enkarguz Ibon Gaztañazpi oriotarrak zuzendutako ikus-entzunezkoa Orioren itsas ondareaz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 226 pelikula inskribatu dituzte Mendi Filmen 18. edizioan, iazko kopuru bera.

Sail Ofizialeko pelikulez gain, beste bederatzi pelikula ere programatuko dituzte, Zabalandi sailean, lehiaz kanpo. Beraz, guztira 54 pelikulez osatutako zinemaldia izango da aurtengoa.

Mendi Filmen kontinente guztietako filmak proiektatuko dituztela azpimarratu dute, Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako ekoizpenak daudelako partaideen artean.

Zuzendarien artean hamalau euskaldun

Antolatzaileek emandako datuen arabera, zuzendarien artean, euskaldunak dira ordezkatuenak, hamalau euskal zuzendariren lanak estreinatuko dituztelako. Gaztañazpiz gain, Mendi Filmen "jada eskarmentua baduten" Jesus Mari Lazkano, Jon Herranz, Luis Arrieta, Julen Elorza, Ruben Crespo eta Alfonso Garciak erakutsiko dituzte beren lan berriak, eta egile berrien artean, Mikel Urdangarin, Haizea Huegun, Nagore Ezeiza, Imanol Lamana, Unai Jauregibeitia, Jon Mendizabal eta Gorka Ipiñazar daude.

Haiekin batera, "mendi zinemagintzako nazioarteko zuzendari puntakoak" ageri dira hautatuen zerrendan: Ben Sturgulewski, Bertrand Delapierre, Lapied familia, Yannick Boissenot, Ben Knight, Iara Lee, Jochem Schmoll, Marco Zingaretti, Javier Álvaro Palomares… Junji Sakamoto fikziozko zine zuzendari japoniar ezagunak ere bere azken lana aurkeztuko du, Junko Tabeiri buruzko Climbing for Life, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu duena. Goya sariduna den Rodolfo Montero zuzendariaren Javier y la Montaña ere Sail Ofizialean izango da, baita aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Seb Montaz ere: "Davina Beyloos eta biek sinatutako Out of the Blue pelikula liluragarria (Epaimahaiaren Aipamen Berezia Mendi Film 2020) berriro ikusi ahal izango da Mendi Filmen".

'Errio' dokumentalean agertzen den marrazkietako batean, egurrezko itsasontzi bat itsasorantz garraiatzen Orioko errioan. (Kote Camacho)

 

Errio dokumentalaren ibilbidea

Errio ikus-entzunezkoak Orioko itsas ondarea jasotzen du, eta horretarako, errioaren historia eta istorioak kontatzen ditu Nagore Urdapilleta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak. Hainbat gairi buruz hausnartzen du lanak, galdera batzuk planteatuz. Esaterako: nolatan lehiatu zuen Oria bezalako ibai koxkor batek Rin, Tamesis, Sena, Guadalquivir eta Europako beste ibai garrantzitsuenekin XVI. mendetik aurrera?...

Ikus-entzunezkoen egileen ustez, oharkabean pasa den historia handiko lekua da Orioko errioa: Altxerriko leizea, balea arrantza, Europa osoko erreferentziazko ontziolak, baserri-bizitza.... Horiez guztiez hitz egiten da dokumentalean hainbat aditu eta herritarri ahotsa emanez.

Orioko Udalak hainbat herritan proiektatu du dokumentala iaz Orion bertan estreinatu zutenetik, eta film jaialdi batzuetara ere aurkeztu du. Esaterako, Indiako Noidako Nazioarteko 12. Zinema Jaialdian saritu egin zuten, otsail honetan.

Abuztuan, berriz, Aquariumeko Itsas Film Festibalean erakutsi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide