Etxerako berokuntza sistema egokienak aukeratzen jakiteko tailerra egingo dute urriaren 2an

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 19a, 14:03

Erradiadore bat. (Pixabay)

OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak eta Orioko Udalak antolatu dute tailerra. Saioa doakoa izango da, baina derrigorra da aurrez izena ematea. Irailaren 30a da horretarako azken eguna.

OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak eta Orioko Udalak tailerra antolatu dute etxebizitzetan ezar daitezkeen beroketa sistemen inguruan herritarrak informatzeko helburuarekin. Saioan azalduko dute hainbat alderdi aztertu behar direla sistema eraginkorrena zein den erabakitzerakoan: etxebizitza mota, jada instalatuta dauden aparatu edo hodiak, etxebizitzaren erabilera… 

Saioa urriaren 2an izango da, ostegunarekin, 18:30ean Salatxo aretoan. Doan izango da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea, irailaren 30a baino lehen, bi bide hauetako bat erabilita: posta elektronikoz, energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbidera idatzita; edo telefonoz, 605 75 76 87 zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera, 09:00-18:00 artean) Informazio osagarria nahi duenak, berriz, eskuragarri dauka www.argitu.eus webgunean. 

Energia Argitu programaren barruan

Tailerra Energia Argitu programaren barruko ekintza da, eta helburu garbi bat duela azaldu du udalak: energiaren kontsumoa murrizteko, herritarrei baliabideak eskaintzea eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

OTC Bulegoa Europako Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide