Futbolaria zinen lehen. Nolatan hasi zinen boxeoan?
Realean zazpi urte egin nituen, jubeniletara arte, baina belauneko lesio bat izan nuen, eta meniskoko sutura ez zen oso ondo atera. Ebakuntza egin zidaten, baina ez nintzen zeharo errekuperatu. Horren ondoren, beste kirol bat aukeratu behar izan nuen, eta boxeoa aukeratu nuen. Kirol honetan osatu zait belauna, eta nire lana lasai egiten uzten dit.
Joan den neguan debutatu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Donostian, Atano III. pilotalekuan, egin nuen debuta, boxeo gau batean. Oso polita izan zen; oso oroitzapen ona daukat. Nire kategoria walter deitzen da, 80 kiloz azpikoa, eta eliten, adin guztietakoen kategorian aritzen naiz. Amateurra naiz: hamabiko eskularru homologatuekin eta kasko gabe borrokatzen naiz. Ordutik beste hiru borrokalditan parte hartu dut amateur mailan, eta emaitza onak izan ditut. Horrek jarraitzeko gogoa eman dit.
Probatu, eta gustatu.
Asko. Hasieran oso urruti ikusten genuen lehiatzea, gutxieneko maila bat behar delako: entrenamendu gogorrak eskatzen ditu, dieta zorrotzak pisu zehatzean mantentzeko... Zaila izaten da pisua muga-mugan mantentze hori. Baina debuta egiteak indarra ekarri zidan, eta orain jarraipena eman behar diogu.
Zer eman dizu boxeoak?
Neure buruarekiko kontrola eta konfiantza eman dizkit. Kanpotik beste era batera ikusten da, baina asko lantzen ditugu alor horiek boxeoan; buru lan handia egin behar da. Kirol oso konpletoa eta gogorra da.
Orain arteko unerik politena?
Debuta. Denbora gutxian lortu nuen aurkaria lurrera botatzea, eta orain errebantxa nahi du. Oraindik ez dugu erabaki zer egunetan jarri hitzordua.
Futbolaria izan zara. Taldeko kirola da hura, eta bakarkarkoa hau.
Horretan ikusten dut desberdintasuna. Taldean, batek gaizki egin izanak ez du esan nahi denek gaizki egin dutela, eta hor babes zaitezke. Boxeoan, berriz, bakar-bakarrik zaude aurkariaren kontra; zeure buruarekin duzu erronka, zeure buruaren kontrakoa da borroka, nolabait esateko. Horrek harrapatu nau ni, baita jendearen aurrean, bakarka, lan on bat erakusteko ahalegina egiteak ere.
Aurpegiak, buruak nahiz gorputzak asko sufritu behar dutela dirudi boxeoan, zuk aurpegian markarik eduki ez arren.
Orain ez daukat, baina masailezurra eta sudurra zartatu izan dizkidate, sudurraren goiko zatia hautsi ere bai.
Zein da zure indargunea?
Batetik, psikologikoki asko aguantatzen dudala eta, bestetik, ukabilkada onak ematen ditudala.
Ezkerrarekin ala eskuinarekin?
Eskuina naizenez, ezkerrarekin jotzen dut.
Ibai Marin da River Box&Roll klubaren sortzailea, baita zuen entrenatzailea ere. Zer moduzko entrenatzailea da?
Ona. Eskuzabaltasun osoz hartu gintuen hasieratik, eta daukan guztia ari zaigu ematen; dietista eta nutrizionista jarri dizkigu, esaterako. Libana [Taboada] eta Ibairen anaia Patxi ere hor daude, bat indar ariketekin laguntzeko eta bestea bigarren entrenatzaile. Oso gustura gaude.
Gaztea zara. Etxekoek zer diote?
Etxean komeriak izaten ditugu. Gurasoek ez dute oso begiko boxeoa, baina uste dut ari direla ulertzen dena ez dela jotzea eta kirol polita dela hau. Hori bai, behin etorri dira ni borrokan ikustera, eta gehiago ez dira itzuli.
Orion indarra hartzen ari den kirola da boxeoa.
River Box&Roll kluba indarra hartzen ari zela ikusita, Mikel Arruabarrenak eta biok gerturatzea erabaki genuen. Hasieran entrenatzea zen gure asmo bakarra; lehiatzeko asmorik ez genuen. Hainbat entrenamenduren ondoren, ordea, Ibai Marin entrenatzaileak galdetu zigun ea ringera igo eta lehiatzera animatuko al ginen, eta baiezkoa eman genion. Ordutik beste maila batean ari gara entrenatzen.
Zale asko al ditu boxeoak?
Bai, jende asko joaten da jaialdiak nahiz txapelketak ikustera, eta Oriotik ere, jende mordoa joaten da gu animatzera; ingurukoen artean indar handia du.
Esan duzu buru lan handia eskatzen duela boxeoak. Zer lanketa egiten duzue?
Mugimenduan buruak azkar lan egin behar du. Horretarako, esfortzu fisikoa egin bitartean, denbora luzez eusten diogu kontzentrazioari, pilotarekin jokoak-eta eginez.
Iraila hasi berri da. Izango dituzu borrokaldi gehiago aurten, ezta?
Bai. Hiru txapelketa izango ditugu urrian, bi Bilbon eta beste bat Donostian. Donostiakoa jaialdia da, urriaren 11n izango da, eta handik astebetera, Bilbokoa, Bizkaiko Open txapelketa. Hortaz, Donostiakoa beroketa gisa hartuko dugu, Openari begira. Bizkaian jende asko ibiltzen da boxeoan, eta maila handia aurkituko dugu han.
Lehiatzeko asko entrenatu beharko da...
Ohi baino gehiago, bai. Astean sei egunez ari gara azken boladan.
Urtea horrekin amaituko duzu?
Ez. Ondoren, hitzordu berezi bat edukiko dugu: Orioko boxeo jaialdia. Jada konta dezakegu azaroaren 29an izango dela Karela kiroldegian, eta bertan borrokatuko direla boxeolari elite, neoprofesionalak eta juniorrak. Izenik ezin dugu esan oraindik, baina bai boxeolari onak etorriko direla.