Berdin-Berdinak elkarteak eta Orioko Surf Taldeak elkarlanean antolatuta, surf saio inklusiboa egingo dute larunbat goizean Antilla hondartzan, eta antolatzaileek herritarrak animatu dituzte saioan parte hartzera. Jardunaldiaren ostean, hamaiketakoa egingo dute eguna biribiltzeko.
Hitzordua goizeko 10:30ean jarri dute, eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du 647 82 13 91 telefono zenbakira deituta edo berdin.berdinak@gmail.com helbidera idatzita.
Bezperan, Reggae Gaua
Bestalde, Orioko Surf Taldeak Reggae Gaua ospatuko du bezperan, ostiralean, surf taldearen lokalean, eta aurten ZAAF talde sortuberriak emango dio hasiera festari. Jarraian, Hereje Fighters talde mitikoa igoko da oholtza gainera.
Bestalde, kontzertuak hasi aurretik marmitakoa afaltzeko aukera ere izango dute herritarrek, 21:00 aldera. Kontzertuak, berriz, 22:00etan hasiko dira, eta gauari amaiera emateko, DJ saioa ere izango da.