Orioko EAJ udal taldea kezkatuta agertu da parapenteentzako lurreratze gune bat baimendu berri dutelako, auzokide batek parapente bat bere lorategian lurreratzen ikusi zuela salatu ondoren. Gertakaria puntualtzat jo bada ere, udal taldeak eremu hori lurreratzeko gune gisa baimentzea ez dela egokia uste du.
Orioko Udalak, parapente zaleekin bilera egin ondoren, kirol portuaren inguruan lurreratzeko gune bat prestatzea onartu zuen. Erabaki hori, EH Bilduren gehiengo botoekin eta EAJren kontrako botoekin hartu zuen Hirigintza Batzordeak. Egoera horren aurrean, talde jeltzaleak baimena "baliogabetzeko" eskatu du berriro, batez ere "segurtasun inplikazioengatik".
"Gure bizilagunen segurtasuna arriskuan egon daitekeela jakinda ezin gara lasai geratu. Gertaera isolatua izan bada ere, eremu hau ez dela erabilera honetarako egokia uste dugu", esan du Noemi Ostolazak Orioko EAJko bozeramaileak.
Nahiz eta talde jeltzaleak badakien ez duela hondartzako eremuan lurreratzea erabat debekatzeko ahalmenik, uste dute beraien erantzukizuna dela horretarako espazio esklusibo bat ez lagatzea. "Oriotarren segurtasunak asko kezkatzen gaitu, batez ere udan, inguru horretan jende asko ibiltzen baita. Garrantzitsua da herritarrak arriskuan jartzen ez dituzten konponbideak aurkitzea ", gaineratu du Ostolazak.
Proposamen berria
Udal taldeak adierazi du, halaber, eremua ez dela "babestutako duna eremuaren parte, baina zentzuzkoagoa litzatekeela espazioaren erabilera birplanteatzea". Lurreratze eremu bat baimendu beharrean, EAJk babesgune klimatiko bat sortzea proposatu du, espezie autoktonoekin, ingurunea babesteko neurri positibo gisa. "EAJtik uste dugu horrelako proposamenek komunitatearen ongizatean eta gure ingurune naturalaren babesean lagunduko luketela", ondorioztatu du Ostolazak.