Orio Asteazken goiza da. Berrogeita zortzi ordu falta dira aurreneko emanaldia hasteko, eta Gure Zirkuaren karpa Munto eremuko berdegunean zutik ageri bada ere, barruan ez da lanik falta. Xehetasun guztiak prestatzen dihardute Iker Galartzak eta taldekideek ostiral arratsaldean, alegia, gaur, aurtengo aurreneko saioa eskaintzeko Orion. Abuztu osoa igaroko dute aurten ere herrian, eta hamalau emanaldi eskainiko dituzte. Euri langarra ari du kanpoan, baina ez dute uste eguraldiak askorik baldintzatuko duenik jendearen erantzuna. Askok, izan ere, aurrez egiten dute plana, baita sarrerak erosi ere. Hori bai, Galartzak azaldu du beti 40 sarrera gordetzen dituztela, txartela zirku kanpoan bertan erosi nahi duenari aukera emateko. "Adineko pertsona batzuk ez dira moldatzen online erosten, eta beste batzuk azken unean anima daitezke etortzera kuadrillakoekin edo familiarekin. Denei eman nahi diegu aukera", azaldu du. "Beharbada zortzi sarrera geldituko dira saldu gabe, baina nahiago dugu hori gertatzea, zirkua ikusi nahi duen pertsona bakar bat zirkua ikusi gabe kanpoan gelditzea baino", dio, ziur.
Aste Santuetan hasita, Euskal Herriko txoko askotan ibili dira dagoeneko, eta herriak txandakatuz joan ohi diren arren, Orion zortzigarrenez egin dute geldialdia. Horren arrazoia azaltzeko, Galartzak pandemia garaiak ekarri ditu gogora: "Orioko Udalak herrian egoteko aukera eman zigun. Animatu egin gintuen itxoitera, eta aforo erdiarekin baldin bazen ere, zirkua irekitzera. Babes hura garrantzitsua izan zen guretzat, eta horregatik, udalak nahi duen bitartean, Oriora etortzen segiko dugu. Jasotakoa eman nahi diogu bueltan", azaldu du.
Bizikleta ikuskizuna
Aurtengo emankizuna Getxon estreinatu zuen Gure Zirkuak, eta dagoeneko errodajea pasata iritsi dira Oriora. Saioak betiko esentziari eusten dion arren, baditu berrikuntzak, eta horietan nagusiena Iñigo Arroyo bizkaitarraren aktuazioa da. Bizikletarekin akrobaziak egiten ditu, eta Galartzak nabarmendu du munduko txapelduna dela bere espezialitatean, eta zirkuko emanaldietan sekulako ikuskizuna eskaintzen duela. Lur Aranburu bihurrikariak aurten eskainiko duen ikuskizuna ere goraipatu du, eta zirkuko umeak ere aipatu ditu, hazten ari diren heinean urtero koska bat igo eta hori erakutsi nahi izaten dutelako.
Emanaldia jendearen gustukoa dela uste du Galartzak, eta ikuskizunaz harago, proiektuari berari babes handia erakusten dietela herritarrek. "Atzo, korrika zebilen herritar batek lanean ikusi gintuen karpa kanpoan. Ea laguntza nahi genuen galdetu zigun, eta guk, baietz. Ordubete egingo zuela esan zigun, baina hiru ordu pasatu zituen. Arratsaldean, berriz etorri zen", kontatu du. Orion eta Oriotik kanpo herritarrengandik asko jasotzen dutela azpimarratu du: "Komunitatea osatzen dugula sentitzen dugu, eta eman ahala jaso egiten dugula, eta jaso ahala, guri ere gehiago emateko gogoa sartzen zaigu. Hori da politena", aitortu du.