Igogailu eta aparkaleku berriak, Goiko Kalea irisgarriago bihurtzeko

Julene Sorarrain 2025ko uzt. 31a, 09:00

Iturribide kaleko igogailua, Goiko Kalera iristeko. (Julene Sorarrain)

Igogailu berri bat instalatzea, aparkaleku berriak sortzea eta trafikoaren antolamendua aldatzea proposatu dute Assut Studio eta Self Office arkitektura bulegoek.

Herrian mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoarekin, Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetzeko proposamen bat egiteko eskatu die Orioko Udalak Self Office eta Assut Studio arkitektura bulegoei. Azken urteetan, aipatu kaleko eremu nagusien "irisgarritasuna hobetzeko neurriak" hartu ditu udalak, hala nola Kultur Etxearen atzeko edota elizako eraikinaren barruan dauden igogailuak instalatuz. Hala eta guztiz ere, eremuaren desnibela kontuan izanik eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko helburuarekin, "neurri osagarriak hartzeko beharra" ere ikusi dute.

Joan den ostegunean aurkeztu zieten proposamen berria herritarrei, Kultur Etxean egindako bilera irekian. Bertan aurkeztutako proiektuaren arabera, hiru esku hartze nagusi proposatzen dituzte arkitekoek: igogailu berri bat instalatzea, Aritzaga eta Antxiola lotzeko; aparkaleku berriak sortzea; eta trafikoaren antolamendua aldatzea, oinezkoentzako ibilbideak sortuz.

Arkitektura bulegoek sortutako txostenaren arabera, estrategia urbanoak igogailu berri bat instalatzea aurreikusten du, "2006ko Plan Berezian etxebizitza eraikinetarako aurreikusitako bolumetriak kontuan hartuta". Halaber, "lurzoruaren desnibela aprobetxatzen duen" lurpeko aparkalekua gehitzea aurreikusten dute, auzoko aparkaleku eskaintza handitzeko helburuarekin.

Irisgarritasuna

Oro har, proposamenak irisgarritasuna lehenesten duela adierazi dute, "oinezkoentzako egokitutako topografia baten bidez eta ingurunearen birnaturalizazio progresiboarekin". Aldi berean, alde zaharreko oinezkoentzako "eraztuna ixtea" planteatzen dute, ibilgailuen zirkulazioa mugatuz, eta tokiko tradizioarekin bat datozen, baina aldi berean espazio publikoaren gaur egungo beharretara egokitzen diren materialak erabiliz.

Aritzaga kalean igogailu berri bat ipintzeko hiru kokapen aukera aztertu dituzte. "Igogailuak inguruko eraikinen aireztapen eta argi naturalaren sarrera bermatu beharko ditu, eta Goikokale ingururako sarbide hito gisa jardungo du, ibaiaren ertzetik", zehaztu dute.

2006ko Plan Bereziarekin batera, etxebizitza eraikin berrian lurpeko aparkaleku bat sartzea ere aurreikusten dute, Erdikale kotarekin lotuta eta desnibela aprobetxatuz "auzokideen sarbidea eta erabilera errazteko".

Egungo egoera

Amaitzeko, hirigintza planetan aurreikusitako oinezkoentzako eraztuna osatzea planteatzen dute. "Alde zaharreko eraikinen atzealdeak eguzkitsuak eta oinezkoentzako ibilbide bihurtuko dira, kota bateratu batekin zeharkako irisgarritasuna errazteko". Proposamenaren xehetasun guztiak ikusgai daude gukoriori.eus webgunean argitaratutako txostenean.

Herritarrei egindako aurkezpenak parte hartze handia izan zuen, eta bertaratuek ekarpen ugari egin zituztela gehitu du udalak. Hortaz, datozen hiletan udaleko bulego teknikoak proiektua eta herritarrek egindako ekarpenak aztertuko ditu eta, ondoren horren berri emango die herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide