Karmengo Amaren eguna izan zen atzo, uztailak 16, eta eguraldi dotorearekin omendu ahal izan zuten beren zaindaria herriko arrantzaleek. Aurrena, 18:00etan, elizkizuna izan zen Bariko San Nikolas parrokian. Hildako arrantzaleen alde otoitz egin zuten bertaratu zirenek, baita kandelak piztu ere herriko baporeak eta traineruak babesteko. Orduerdi pasa iraun zuen elizkizunak, eta 18:40ean atera zuten elizatik Karmengo Amaren irudia, lorez apainduta, moilara jaisteko.
Moilan dantzari batek aurreskua eskaini zion irudiari, eta ondoren herritar batek eta Juan Pablo Aroztegi apaizak hartu zuten hitza; azken horrek, uretan zeuden Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bi traineruak ere bedeinkatu zituen, usadioari jarraituz.
Herritar batzuek loreak uretara jaurti zituzten, eta hala amaitu zen ospakizuna.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Joxeju Olasagasti)