Azkenengo urtea Orioko gizonezko seniorren alboan egin ondoren, Joseba Agirre Amorebietaren bigarren entrenatzailea izango da 2025-2026 denboraldian, eta Aitor Zulaika azpeitiarra izango du bidelagun. Biek ondo ezagutzen dute elkar, izan ere, hiru urtez aritu ziren Irungo (Gipuzkoa) Real Union taldean.
Orioko Futbol Taldean denboraldi ederra egin du, taldea Ohorezko Mailara igotzea lortuta, eta gustura da herrian bizitako esperientziarekin: "Oso polita joan da urtea eta oso gustura ibili naiz, ez bakarrik emaitzengatik, baita jokalariekin asko gozatu dudalako ere egunerokotasunean, entrenatzen, nire ideiak eta metodoak aplikatuz. Orioko NA edo identitatea ere galduta ikusten nuen, eta hori berreskuratu nahi izan dut. Lan gogorra egin zuten mutilek hasierako hilabeteetan, eta ikusten da emaitza", esan du.
Azpimarratu du denboraldiaren bigarren zatian Orioko Futbol Taldeak ez duela partida bakar bat galdu, eta bakarra berdindu dutela; beste guztiak, irabazi. Jokalarien lanaz gain, bere inguruan ibili direnak ere goraipatu ditu Agirrek –Xiker, Mante eta Josu Esnaola–.
Klubean ez jarraitzea "gogorra" egin zaiola gaineratu du, mutilekin harreman estua egin duelako, baina azaldu du denboraldia amaitu baino bi hilabete lehenago erabaki zuela ez jarraitzea taldea entrenatzen, eta ondoren sortu direla aukera batzuk, tartean Amorebietakoa. "Erabaki dut berriz Aitorrekin elkartzea. Lehen ere hiru urtez ibili nintzen berarekin Real Unionen, pertsonalki harreman oso ona daukat berarekin, eta horrez gain, nahi dut entrenatzaile gisa ikasten jarraitu".
Talde berriari dagokionez, Agirrek kontatu du bi denboralditan bi maila jaitsi dituela taldeak, eta berarentzat "erronka handia" dela talde hori hartzea. "Talde berria egin behar da, fitxaketak egin behar dira taldea erabat aldatuz, eta horretan gabiltza, lanean", esan du. Erronketako bat taldea "berriz ere lehiakorra izatea" dela azpiarratu du aiarrak.
Espainiako Bigarren RFEF Mailan lehiatuko da Amorebieta datorren denboraldian. Bigarren Mailan jokatzera iritsi zen Bizkaiko taldea 2023-2024 denboraldian. Sasoi horren bukaeran maila galduta, Lehen RFEF Mailan jokatu du 2024-2025 denboraldian, baina maila horri ere ezin izan dio eutsi.
Joseba Agirreren lekukoa hartuko du, bestetik, Igor San Miguel astigartarrak. Maiatzean eman zuen Orioko klubak entrenatzaile aldaketaren berri, eta aldi berean, eskerrak eman zizkion Agirreri taldeak 10 urtean lortu gabeko garaipena eskuratzen laguntzeagatik: Ohorezko Mailara igotzea.