Samira Benfouinak ezin du sinetsi zer-nolako zortea izan duen. Urte gogorrak bizitzea tokatu zaio. Elkarrizketak aurrera egin ahala hitz egin du horretaz, eta arinki, inportantzia kenduz bezala. Izan ere, pozarren dago Orioko alokairu sozialeko 46 etxebizitzetako bat berari eman diolako Eusko Jaurlaritzak. "Eskutitza jaso nuenean, ezin nuen sinetsi. Hainbeste urtez egon garenez izena emanda Etxebiden, ez genuen espero halakorik; oso-oso pozik nago", kontatu du Muntoko bizitoki berrian, 12 urteko Safa alabarekin egongelako sofan eserita dagoen bitartean. "Egoera ez da erraza, etxebizitzen krisia dagoelako, eta badakit jende gehiago zegoela etxe baten zain, baina pazientzia eduki behar da; azkenean hemen gaude, etxe bikain honetan", gaineratu du.
"Ez genuen Orio ezagutzen, eta eskutitza jaso genuenean, Interneten begira ibili ginen. Ikusi genuen herri polita zela, eta egunotan bertatik bertara baieztatu ahal izan dugu", kontatu dute ama-alabek. "Hondartza gustatu zaigu bereziki, baita errio ondoan dagoen paseo luzea ere".
Etxeak aitzakiarik ez duela diote, behar duten guztia daukala. Pixkanaka hasi dira etxea janzten, eta laster alaba zaharrena, 18 urtekoa, batuko zaie, kanpoan baita oporretan. "Hirurok biziko gara hemen", azaldu du Benfouinak.
Lekeitio, Villabona, Orio
Marokoarrak dira Benfouina eta alabak. Safak urtebete zuenean iritsi ziren handik zuzenean Euskal Herrira, Lekeitiora (Bizkaia), eta han urte askoz bizi ondoren, Gipuzkoara gerturatu ziren duela bi urte. Urtebete egin zuten Ordizian, eta beste urtebete, Villabonan. Etxejabearekin alokairuaren kontratua berritzera zihoanean sortu zitzaion Orioko etxearen aukera. Lekeition gustura bizi zirela azaldu du, baina etxejabea hil egin zela, eta beste etxe bat aurkitu behar izan zutela alokairuan. "COVID-19ak eragindako pandemia eta gero, oso zaila jarri zen etxea aurkitzea, are gehiago, laguntzak jasotzen dituztenentzat", kontatu du.
Villabonan zirela iritsi zen Eusko Jaurlaritzaren eskutitza, eta egun gutxira bigarrena, hainbat dokumentu eskatuz, baita aurreneko hilabeteko fidantza ere. "Dena oso azkarra izan da eta arazorik gabea, hamar egunen barruan jaso genituen bi eskutitzak", azpimarratu du. Ekainaren 30ean Etxebidek Donostian duen egoitzan bilera izan zuten erakundeko ordezkariekin, eta etxeko giltzak eman zizkieten. Hurrengo ostiralean Orioko etxean ziren. "Eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzari, bihotzez".
Urte gogorrak
Azken urteak latzak izan dira Benfouiarentzat: genero indarkeriaren biktima dela azaldu du, eta 2017an dibortziatu zela bere senarrarengandik. Handik bi urtera, 2019an, bularreko minbizia aurkitu zioten, eta gaur egun "momentuz albiste onak" dituen arren, gaixoaldian dagoela kontatu du, eta nabari dituela kimioterapiaren ondorioak. "Beldurra hor dago, eta osasuna ere ez da lehengoa; kanpotik ondo ikusten nau jendeak, baina sei hilabetean hartu nuen kimioa, gero ebakuntza egin zidaten, gero erradioa eta inmunoterapia...". Ez dio garrantzi handiegirik eman nahi. Nahiago du "jasotako babesa" azpimarratu. "Urte gogorrak izan dira, bai, baina alabak ondoan nituen, baita Lekeitioko lagun euskaldunak ere; asko-asko lagundu didate, ez dut inoiz ahaztuko", esan du, hunkituta.
Etapa berrian buru-belarri, herrian erroldatu berri dira, eta izan dira anbulatorioan eta ikastetxean ere; Safa ikasturte berriari ekiteko gogotsu dago. DBHn hasiko da, eta agian baita futbol klubean ere. "Orain arte beti ibili izan da futbolean", esan du amak, harro.