Jai giroa izango da nagusi asteburu honetan Orion. San Pedro jaiei ekin zieten atzo goizean jubilatuen hamaiketakoarekin, eta arratsaldean jarraitu zuten festarekin.
Hain justu ere, 15:00etan hasita, 3x3 futbol txapelketa jokatu zuten Mendibeltz futbol zelaian. Beroa eginagatik ere, ume, gazte zein heldu ugarik parte hartu zuten txapelketan, eta lehiakortasuna alde batera utzita, giro ederrean jokatu zituzten partidak.
Txapelketa jokatzen ari zirela, kalejira gerturatzen ari zela sumatu zuten futbol zelaian zebiltzanek. Hain justu, 19:00 aldera iritsi zen erraldoien eta buruhandien kalejira bertara, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako txistulariek lagunduta. Ikusmina piztu zuten Pello eta Nikolasa erraldoiek; buruhandiek, ordea, ume bat edo beste izutu zuten.
Bitarte horretan, Matraka elektrotxarangak dantzan jarri zituen oriotarrak, eta Endaia Plazatik Herriko Plazara eskaini zuen saioa. Bertara iritsi orduko, herritar mordoa zegoen plazan bilduta. Txupina botatzeko prest zeuden guztiak, baina, aurretik, Anuska alkateak hartu zuen hitza. Jaiez gozatzeko dei egin zien alkateak herritarrei, eta errespetuz jokatzeko eskatu. Jarraian igo zuten bandera udaletxeko balkoitik, eta Herriko Plaza festan murgildu zen orduan.
Iliuntzean, Oilar beltzak, Eztanda erromeria eta DJ Track-en emanaldiez gozatzeko aukera izan zen Herriko Plazan.
Egitaraua:
Gaur, larunbata: Arrantzale eta Harrotasunaren eguna
- 11:00. Dantzari, kantari, musikari eta erraldoien kalejira, kalez kale.
- 12:00. Sardin jana, Oteizaren Pietate azpian eta Endaia Plazan.
- 13:30. Ikuskizuna eta omenaldia saregileei eta arrantzaleei, Herriko Plazan.
- 14:30. Herri bazkaria, Herriko Plazan.
- 17:00. Bide batez erromeria, Herriko Plazan.
- 17:30. Heriotzarik gabeko arrantza txapelketa (8-13 urte), moilan, anbulatorioaren parean.
- 23:00-05:00. Gaueko emanaldiak: Kiliki, DJ LaMia Mari, Ofensa eta Siwanaba, Herriko Plazan.
Bihar, igandea: San Pedro eguna
- 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
- 10:00. Orioko txaranga, kalez kale.
- 11:00. Bizikleta igoera: haurrak Herriko Plazatik Pillikura, eta helduak Herriko Plazatik San Martin ermitara.
- 12:30. Meza Nagusia, Salatxo abesbatzak kantatuta.
- 13:00. Herri kirol parte hartzaileak eta pintxoak, Herriko Plazan.
- 17:00. Haur eta gazteen pilota partidak, frontoian.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin, kalez kale.
- 19:00. Soka dantza, eta jarraian, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
- 23:00-02:00. Gaueko emanaldiak: Alarma Morea, DJ La Fulana eta DJ Troti, Herriko Plazan.
Etzi, astelehena: San Pedro bigarrena
- 10:00. Bizijolas haurrentzako jolasak (2-10 urte), Muntoko berdegunean.
- 10:30. I. San Pedro Erronka. Talde jolasak eta bazkaria (10-14 urte), Herrian barrena.
- 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
- 19:00. Kontzertua: Old Glasses, Herriko Plazan