Ortzaika auzoko autokarabana gunea kentzea onartu dute aho batez ohiko bilkuran

Julene Sorarrain 2025ko eka. 27a, 14:00

Ekaineko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan. Alde batetik, Ortzaika auzoko autokarabana gunea kentzea erabaki dute, behin behinekoz; bestetik, Karela kiroldegirako hainbat kirol material errentamendu erregimenean hornitzeko eta instalatzeko kontratua BBVA enpresari adjudikatu zaio.

Orioko Udalak ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, osteguna. Zazpi puntuko zerrenda izan zuten hizpide bilkuran EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. Bertan, udal aurrekontuei onarpena emateaz gain, bi puntu nagusi onartu zituzten. Alde batetik, herriko autokarabana guneen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa onartu zuten; bestetik, Karela kiroldegirako hainbat kirol material errentamendu erregimenean hornitzeko eta instalatzeko kontratua BBVA enpresari adjudikatu zaio.

Hala, EH Bilduko eta EAJko zinegotziek Orioko Udalak Ortzaika auzoan eta Hondartza eremuan, autopista azpian, dituen autokarabana guneen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa onartu zuten. Gai hau diktaminatua izan zen hilaren 6an Tokiko Garapenerako batzorde informatzailean, eta udalak, gainera, lehen onarpena eman zion bere garaian udal ordenantzaren aldaketari, Ortzaika auzoko autokarabana gunea kenduz eta hondartza eremukoa bakarrik mantenduz. La Peka (Plataforma Estatal del Caravaning) elkarteak, ordea, alegazioa aurkeztu zuen "karabanak eta autokarabanak berdin tratatzea" eskatzeko asmoz. Udal teknikarien baitan, ordea, arazo bat izango litzakeela argitu dute, eta beharra beteta dagoela esan dute, "udalak kanpina duelako eta elkartearen beharra bide horretatik bideratzen dela" argudiatuz.

Hortaz, aho batez eta gehiengo absolutuarekin, behin behineko onarpena eman zaio udalak Ortzaika auzoan duen autokarabana gunea kentzeari, La Pekak aurkeztutako alegazioa deuseztatuz eta soilik autopista azpiko gunea mantenduz.

Bestalde, Orioko Karela kiroldegirako hainbat kirol material errentamendu erregimenean hornitzeko eta instalatzeko kontratua BBVA enpresari adjudikatzea erabaki zuten. Gaia diktaminatua izan zen hilaren 13an egindako Herritarrentzako Zerbitzuak batzorde informatzailean. Aurrekari gisa, hiru erakunde aurkeztu ziren lizitaziora: BBVA, Bodytone eta Exercycle, hain zuzen ere.

BBVAk eta Exercyclek egindako proposamen teknikoa berdin-berdina izan baitzen, hau da, BH markako makinen instalazioa ahalbidetzea. Bodytonen kasuan, eskaintzak ez zituen gutxiengoak bete, eta beraz, prozeduratik kanpo geratu da. Hortaz, proposamen ekonomikoa baloratzerako garaian, puntuazio berbera lortu zuten BBVAk eta Exercyclek.

Proposamen teknikoak baloratu ostean, bi enpresen arteko diferentzia "oso xumea" izan baita: Exercyclek guztira 96,46 puntu eskuratu ditu; BBVAk, berriz, 96,5 puntu, lau ehunen aldearekin. Baloratu beharrezko irizpideak aztertuta, proposamen onena BBVAk egin duela argudiatu dute, eta aho batez onartu da Karelako kirol material errentamendu erregimenean hornitzeko eta instalatzeko kontratua berari adjudikatzea.

Amaitzeko, Anuska Esnal alkateak eta Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak Erasoen aurrean, planto! adierazpena irakurri zuten udalbatzaren aurrean. Orioko Udalak eta Saregile Emakumeen Etxeak adierazpen bateratua kaleratu dute festen atarian, ekainaren 13an jasandako erasoen harira. Adierazpena herriko 40 eragile taldek sinatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide