Orio Arraunketa Elkarteak babesletza kontratua berritu du Orialki enpresarekin beste bost urterako. Atzo arratsaldean egin zuten hitzarmenaren aurkezpen ofiziala Arraunetxen, eta bertan izan ziren Jon Olasagasti Orioko klubeko presidentea eta Jabier Etxarri Orialki enpresako kudeatzailea, kontratu berriaren xehetasunak azaltzeko.
Hala, Olasagastik poza handiarekin jaso du "albiste handi hau", eta klubak funtzionatzen jarraitzeko, Orialkiren beharra ere badagoela argudiatu du: "Bandera irabazteko eta gure lanarekin jarraitzeko "oxigenoa" emango digu Orialkiren babesak".
Aurten gizonezkoen taldearekin "gorakada garrantzitsua" egon den arren, presidenteak gogora ekarri du ez daudela ahaztuta emakumezkoekin, eta "lan handia" egingo dute talde horrekin ere denboraldi berriari begira. Bestalde, joan den astean Sevillan (Espainia) jokatutako txapelketan Arraun Eskolako gazteek erakutsitako "maila handia" azpimarratu nahi izan du, eta zuzendaritzatik "aurrerapausoak" ematen jarraituko dute ildo berean jarraitzeko.
Etxarrik, bere partetik, Orioko klubaren "izaera eta baloreekin" oso gustura daudela gehitu du: "Aukera izanda, beste bost urte egingo ditugu beraiekin eta espero dugu iazko urteak bezain onak izatea aurretik datozenak".