Orioko familia batek hartu duen erabakia zeresana ematen ari da azken egunetan. Daniel Scott, Marta Rizzo eta adin txikiko beren semea etxebizitza turistiko batean bizi dira, alokairuan, eta uda partean etxea utzi behar izaten dute. Hala dute jasota kontratuan. Iaz, horixe egin zuten. Aurten, erabaki dute bertan gelditzea, etxejabeari eta hura kudeatzen duen higiezinen agentziari aurre eginez. Egoera isilpean mantendu beharrean, gainera, publiko egitea erabaki dute, aurpegia ematea. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatura jo zuten babes bila, eta haien laguntzarekin ari dira beren asmoari eusten. Orioko Udalaren babesa ere badute.
Scottek kontatu du bi urte eta erdi daramatzatela Orion bizitzen. Aurreneko urtean, urtebeteko kontratuarekin egon ziren alokairuan, baina bigarrengoan, baldintza aldatu zuen etxejabeak. "Turismoaren booma iritsi zen, eta iaz beste etxe batera joan behar izan genuen higiezinen agentziak derrigortuta, guk nahi izan ez arren. Oso gogorra izan zen guretzat, baina orduan ez genekien gure kontratua ilegala zenik», azpimarratu du. Izan ere, horixe esan die Etxebizitza Sindikatuaren abokatuak, «baita Saregileko abokatuak ere". Aurten egoera berean zeuden; etxe agentzian esan zieten etxea utzi behar zutela, eurek turistei alokatzeko, baina familiak uko egitea erabaki du. "Duela hiru bat hilabete ezagutu genituen Etxebizitza Sindikatukoak, eta gure kontratuari buruzko kontsulta egitea erabaki genuen, zerbait arraroa ikusten genuelako". Izan ere, kontratua etxebizitza turistikoena da, baina familia hori ez da oporretan bizi etxe horretan; beraien ohiko etxebizitza da. "Abokatuak esan zigun kontratua ilegala zela eta etxe agentziak lege iruzurra egin zuela. Beraz, eskubidea daukagu, eta legeak babestu egiten gaitu, udan etxean jarraitzeko eta kontratu normal bat egitea erreklamatzeko".
Klara Lazkano zarauztarra Etxebizitza Sindikatuko kide da, eta hark ere azpimarratu du ilegala dela familia horrek aldi baterako kontratua edukitzea, "berez ez dionean aldi baterako behar bati erantzuten, ohiko etxebizitza delako eta, beraz, ohiko etxebizitza baten kontratua behar luke, Hiri Errentamenduen Legearen arabera". Dena den, halako kontratuak "ohikoak" direla uste du Lazkanok. "Familia baten kasu zehatza da hau, baina errealitate baten isla ere bada; orokortzen ari dira halako egoerak. Gure eskualdean, etxebizitza aukera bat gehiago da negozioa egiteko", salatu du.
Scottek argi utzi nahi izan du bere familia ez dagoela turismoaren kontra, hori etxebizitza eskubidearen gainetik jartzearen kontra baizik.
Familia saiatu da jabeekin negoziatzen, beren nahia delako bost urterako kontratu normala eskuratzea, baina oraingoz ez dute halakorik lortu. Gainera, ez dakite jabeak zer erabakiko duen, baina Lazkanok ez du baztertzen akordioa erdiestea, eta esan du hori dela beren helburua.
Antzeko esperientziak
Joan den ostegunean batzar irekia egin zuten Orion bertan, Etxeluze gaztetxean. Han elkartu ziren beren iritzia emateko Scott eta Rizzo, baita Etxebizitza Sindikatuko Lazkano ere. Batzarrera joan ziren herritarretako batzuek bizi izan dituzte antzeko esperientziak. Maitane Alzelai getariar gaztea da horietako bat.
Gaur egun Orion bizi da, eta horregatik joan zen batzarrera. Azaldu duenez, Getarian alokairuan bizi zen familiarekin; sei bat urte zeramatzaten etxe berean bizitzen, eta 2020an jabeak esan zien semearentzat behar zuela etxea. "Kontratuan zehaztuta zegoen aukera hori, eta normaltzat jo genuen. Ez ziguten presarik sartu etxea uzteko. Beste bizitoki bat topatu genuenean joan egin ginen, baina hilabete batzuetara konturatu ginen gu bizi izandako etxe hura Airbnb etxe turistikoentzako plataforman iragartzen ari zirela. Guk ordaintzen genuenaren halako hiru eskatzen zuten han hilabeteko; atsekabea eragin zigun", kontatu du.
Udalaren babesa
Batzarrean Orioko udal gobernuko bi zinegotzi ere izan ziren, eta hedabide honen galderei erantzunez, Orioko Udalak jakinarazi du udala «harremanetan» dagoela familiarekin, eta eskura dituen «baliabide guztiak eskaini» dizkiela, bere eskumenen barruan, «ahal den guztian laguntzeko».
Izan ere, udalak gogorarazi du etxebizitzaren gaiari buruzko eskumen gehienak Eusko Jaurlaritzarenak direla. Dena den, aitortu du "lehentasun osoko gaia" bihurtu dela Orioko Udalarentzat ere. "Hori dela eta, udalak herriaren egoera eta herritarren beharrak ezagutzeko azterketak egin ditu azken urteetan eta, horietan oinarrituta, hainbat neurri hartu ditu", esan du. Horietako bat da etxebizitza turistiko berriak ezartzeko debekua onartu izana, eta etxebizitza hutsen errekargua %50etik %100era igotzea. Horrez gain, Jaurlaritzak orain gutxi onartu du Orioko etxebizitza merkatua eremu tentsionatu izendatzea, eta udalak adierazi du jada abiatu duela lanketa izendapen hori lortzeko asmoarekin.
Udalaren esanetan, pauso horiek guztiek "agerian" uzten dute udalaren helburua: "Herriko etxebizitzek herritarren beharrei erantzun behar diete, eta bermatu beharra dago oriotarren etxebizitzarako eskubidea". Datuei erreparatuz gero, Orion etxebizitza parke osoaren %1,29 dira etxe turistikoak; 39 etxe daude erregistratuta gaur egun Orion –martxoko datua da–. Proportzioan, Zarautzekin batera Orio da eskualdean etxebizitza turistiko gehien dituen herria. Datu gehiago esteka honetan eskura daitezke.
42 Etxebizitza Sindikatuak artatutako kasu kopurua eskualdean
2023ko irailetik, 42 herritarrek jo dute eskualdeko Etxebizitza Sindikatura –%90 baino gehiago alokairuzko erregimenean zeuden–. Kasuen %45ean etxejabearekin arazoak zituzten, %30ean arrazismo kontuak salatu dituzte, eta %25ean, etxegabetze arriskua.