Gaztetxoentzako arrantza lehiaketa egingo dute larunbatean

Julene Sorarrain 2025ko eka. 24a, 14:00

Iazko arrantza lehiaketako parte hartzaile bat. (Onintza Lete Arrieta)

Muskuilu Harria elkarteak antolatuta, arrantza lehiaketa egingo dute moilan alebin, benjamin eta infantil mailako gaztetxoek. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 16:30etik aurrera, anbulatorio atzean.

Muskuilu Harria aisialdiko arrantzako kirol elkarteak antolatuta, gaztetxoentzako arrantza lehiaketa egingo dute larunbat honetan. Herriko plazatik anbulatoriora arte izango dute arrantzatzeko lekua, arratsaldeko 17:30etik 19:00etara bitartean. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 16:30etik aurrera, anbulatorio atzean.

Hiru kategoriatan banatu dute txapelketa: alebinak (2017an edo beranduago jaiotakoak); benjaminak (2014, 2015 edo 2016an jaiotakoak); eta azkenik, infantilak (2011, 2012 edo 2013an jaiotakoak).

Lehiaketako arauei dagokienez, gurasoek edo tutoreek lagundu ahal izango diete haurrei aparejua prestatzen edota beita jartzen; gainerako lan guztia haurrak bakarrik egin beharko du. Gainera, arrantzaleek beren apareju eta beita ekarri beharko dituzte, eta arrantzatutako guztia epaileei emango diete, neurtzeko eta bueltan uretara botatzeko. Arrain gehien arrantzatzen dituenak irabaziko du maila bakoitzean, eta bestalde, "sari berezia" izango da arrainik handiena harrapatzen duenarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide