Joan den ostiral gauean, ekainaren 13an, Saregile emakumeen etxeko sarrerako kristala hautsi zuten ezezagunek, eta udal zerbitzu horren egoitzako fatxada ere zikindu zuten. Orioko Mugimendu Feministak aurrena, eta Orioko Udalak gero, salatu dute eraso hori ez dela "isolatua", eta horregatik, mugimenduak elkarretaratzea deitu zuen gaurko, eta udalaren babesa jaso du. 20:00etan izan da protesta Herriko Plazan, eta herritar eta eragile ugari bertaratu da –besteak beste Orioko Futbol Taldeko, Orio Arraunketa Elkarteko eta Etxeluze gaztetxeko ordezkariak–, baita udaleko bi alderdietako –EH Bildu eta EAJ– ordezkariak ere. Zarauzko mugimendu feministako kideak ere izan dira elkarretaratzean.
Aski da, posizionatzeko garaia da irakur zitekeen pankartan, eta elkarretaratzean hitza hartu dutenean ere, horixe azpimarratu dute mugimendu feministako kideek.
Azken hilabeteetan jasandako erasoak gogorarazi dituzte aurrena: "Lehendabizi, ikastola kanpoko mastan zegoen LGTBIQ+ bandera bota zuten; ondoren, mugimendu feministako kide baten aurkako erasoak izan ziren sare sozialen bidez aurrena, eta festetan pertsona hori zelatatu eta grabatu zuten gero; iazko sanikolasetan, mugimendu feministako kide batek talde eraso antolatua jasan zuen; oraingoan, herriko emakumeen etxea izan da erasotua".
Esan dute ez direla eraso isolatuak izan, eta ez dela kasualitatea, "kasu guztietan, mugimendu feminista eta horren inguruko pertsonak eta kolektiboak izan baitira erasotuak". Gorroto erasoak jasan dituztela esan dute, eta horren aurrean "beldurra, tristura eta amorrua" sentitu duten arren, aski dela esan nahi dute: "Aski da. Bada garaia guztiok gure herriko errealitateaz jabetzeko; honi aurre egin, eta herri inklusibo bat eraikitzeko. Bestela, hurrengoan zer?", esan dute.
Erasoen aurrean babes handia jaso dutela ere esan dute, baina oraindik "urrun" dauden herritar eta kolektiboei egin diete deia: "Egunotan babes handia jaso dugu inguruko hainbat herritako pertsona eta kolektiboena, baita Orioko hainbatena ere. Baina, herrian bertan, oraindik urrun sentitzen ditugu norbanako eta eragile batzuk. Bada posizionatzeko garaia. Aski da mugimendu feminista eta inguruko pertsona eta kolektiboak erasotzeaz eta erasoak minimizatzeaz eta justifikatzeaz. Aski da erasotzaileak babesteaz".