Herrio Natur Taldea, "eskertuta" herritarren aldetik jasotako laguntzagatik

Julene Sorarrain 2025ko eka. 19a, 10:30

Herritarrak eta ikasleak kirol portu inguruko landare inbaditzaileak kentzen aritu dira azken egunotan. Badira hiru urte ekintza hau antolatzen ari direla Herrio Natur Taldetik, eta beren "ahalegin jarraituak emaitza baduela" ari dira ikusten.

Herrio Natur Taldearen ekimenez, kirol portu inguruko landare inbaditzaileak kentzen aritu dira auzolanean azken egunotan. Pasa den igandean ekin zioten egitasmoari, eta herritar ugari bildu zen, "nahiz eta euri asko egin". Astelehenetik asteazkenera, aldiz, herriko ikasleen txanda izan zen. DBHko gazteek hartu zuten erreleboa, eta "izerdi asko" bota zuten arren, emaitza "izugarria" izan dela kontatu dute taldekideek.

"Egunero hainbat edukiontzi bete ditugu kendutako landareekin, eta udalaren eta mankomunitatearen laguntzarekin, horiek erretiratu eta konposterako erabiliko da jasotakoa. Gainera, Aldundiko teknikari baten laguntzaz, duna hauen landarediaren azterketa bat egin dugu. Hainbat guneetan dunetako landare autoktonoak garapen polita duela ikusi dugu". Badira hiru urte ekintza hau antolatzen ari direla Herrio Natur Taldetik, eta beren "ahalegin jarraituak emaitza baduela" ari dira ikusten.

Hala, herriari ekintza honen berri eman nahi diote, baita egun hauetan ikusi dituzten landarez betetako edukiontziak zergatik diren azaldu ere. "Baina batez ere, lau egun hauetan ekintzan parte hartu duten guztiei gure eskerrik beroena eman nahi diegu taldeko guztien izenean: gerturatutako herritarrei, ikastolako eta Zaraguetako arduradun, irakasle eta ikasleei".

Argazkiak: Herrio Natur Taldea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide