Orio Arraunketa Elkarteak asteburu gogorra izango du oraingoan, izan ere, Sevillara (Andaluzia, Espainia) abiatuko dira gaur Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketan lehiatzera. Aurtengoan 60 elkarte izango dira txapelketan, 1.100 arraunlari baino gehaigoren parte hartzearekin.
Ostiraletik igandera iraungo dute jardunaldiek, eta Orioko klubak guztira 19 ontzi uretaratuko ditu bertan. Hainbat mailatako arraunlariek hartuko dute parte: kadeteen hamar ontzi, jubenilen zazpi ontzi, eta absolutuen eta 23 urtetik azpikoen ontzi bana izango dira lehian. Taldekide batzuk atzo abiatu ziren hegoalderantz, atoia eta ontziak eramatera, eta gainontzekoak gaur bertan egingo dute bidaia.
Azaldu dutenez, eguraldi oso beroa dago iragarrita, eta hortaz, txapelketa "latza" izango dela aurreikusi dute. "Finaletara sartzea kirol mailagatik oso zaila izaten da, eta beroa gehitzen badiogu, gure arraunlariek beren onena eman beharko dute plaza onak lortzeko".