Korrikalari txikiak jaun eta jabe

Intza Trula 2025ko mai. 31a, 15:00

Zaragueta Herri Eskolak antolatutako XVI. Kros Txikia jokatu dute gaur goizean HH2tik LH6ra arteko haurrek. Parte hartzailek guztiek izan dute gaurkoan saria: domina eta opiltxoa jaso dituzte lasterketaren amaieran.

Irribarreak eta lagunarteko giroa izan dira protagonistak gaur goizean Zaragueta Herri Eskolaren atarian. Izan ere, dozenaka haur batu dira bertan, XVI. Kros Txikian parte hartzeko gogotsu. HH2. mailatik hasi eta LH6. mailara arteko haurrek jokatu dute sariketa; ziztu bizian egin dute guztiek ibilbidea, gurasoen txalo zaparrada eta animo oihuen artean.

Mailaka banatu dituzte haurrak, eta txandaka jokatu dituzte lasterketak. Aurretik, ordea, lesioak ekiditeko beroketa saioak ere egin dituzte, ariketa eta jolas dibertigarriekin. Helmugara lehena edo azkena iritsi, inor ez da esku hutsik joan etxera, parte hartu duten guztiek jaso baitituzte domina eta opiltxoa lasterketaren amaieran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide