Orio Arraunketa Elkarteak klubeko traineruak aurkeztu ditu gaur eguerdian Herriko Plazan, Garagardo Azoka baliatuta. Urtero legez, ikusmina piztu du ekitaldiak, eta dozenaka herritar gerturatu dira arraunlari beteranoak agurtzera zein berriak ezagutzera.
Aurtengo denboraldian senior mailan ariko diren hiru traineru aurkeztu dituzte: bi mutilenak eta bat neskena, hain justu ere. Arraunlari guztien izenak banan-banan esan dituzte, eta orden horretan traineruaren atzean kokatu dira guztiak.
Orio B trainerua aurkeztu dute lehendabizi. Orio Arraunketa Elkarteak azpimarratu nahi izan du "pozik" dagoela aurten ere senior mailan bigarren talde bat atera izanagatik, "ez baitira klub asko bigarren traineru bat osatzea lortzen dutenak". Anjel Larrañagaren gidaritzapean lehiatuko dira, KAE 2. mailan.
Jarraian, nesken traineruaren txanda izan da. Harrobiko arraunlariak ikusi ahal izango dira aurten uretan, baina aurpegi berriak ere baditu taldeak, hainbat fitxaketa egin baitituzte. Traineru "azkarragoa" izatea da helburua, Euskal Ligan "koxka batzuk irabazteko". Entrenatzaileak Patxi Frances eta Rafa Gonzalez Txabarri izango dira beste urte batez.
Azkenik, gizonezkoen lehen trainerua aurkeztu dute. Aurtengo denboraldian "aldaketa gehien" jasan dituen taldea da, eta helburua da "goi mailako traineru bat izatea eta banderen borrokan ibiltzea". Arraunlariak ez ezik, entrenatzaile berria ere badu talde honek: Iker Zabalak zuzenduko du, hain justu ere.