Orioko Bate Bizkorrak, gero eta gertuago Erreginaren Kopa jokatzetik

Julene Sorarrain 2025ko mai. 31a, 09:00

Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalari bat, igandeko partiduan. (OBB)

Aurreko igandean Valentziako Fenix taldearen aurka irabazitako partidari esker, Orioko taldea lehen fasera sailkatu da. Erreginaren Kopa jokatzeko txartela eskuratu beharko du orain.

Pasa den igandean Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Urrezko Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionaleko 11. jardunaldia jokatu zuen etxean, Valentziako Fenix taldearen aurka, eta joko bikoitzean garaipenak banatu zituzten.

Lehenengo partidaren hasiera "oso parekatua" izan zela kontatu dute. Hirugarren sarreran, ordea, OBBk partidako lehen bi lasterketak lortu zituen, eta horiei beste bost gehitu zitzaizkien laugarren sarreran. Markagailua aldaketarik gabe mantendu zen amaierara arte, etxeko taldearen "defentsa lan bikainari esker". Azkenean, partida bosgarren sarreran itxi zuten, 7-0 emaitzarekin, oriotarren alde.

Bigarren partida, aldiz, "guztiz ezberdina" izan zela esan dute taldekideek. Fenixek estreinatu zuen markagailua, lehen sarreran bost lasterketa eginez. "OBBk, Maialen Pisonek bultzatutako lasterketa batekin erantzun zuen, baina valentziarrek abantaila handitu zuten hurrengo sarreretan bost lasterketa gehiago eginez. Laugarrenean, OBBk bere bigarren lasterketa saskiratu zuen, markagailua 2-10 kokatuz". Azkenean, partida bosgarren sarreran amaitu zen, Fenixen azken lasterketa baten ostean, eta azken emaitza 11-2 izan zen bisitarientzat. Amaieran, partida bosgarren sarreran itxi zuten, 11-2 emaitzarekin, valentziarren alde.

Azpimarratzekoak izan ziren Maialen Pisonen "bate txanda onak", eta Enora Simonsen "jaurtitzaile lana". Lehen partidako garaipenari esker, OBB taldea ligako lehen fasera sailkatu da Rivas, Izaga, Viladecans, Sant Boi eta Dridmako taldeekin batera. Izan ere, liga bitan banatuko da, eta sei talde sailkatuko dira Erreginaren Koparako txartela eskuratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide