Eguraldi onaren etorrerarekin, dagoeneko hasi dira udako mendi lasterketak iragartzen, eta, hain zuzen ere, larunbat honetan jokatuko dute V. Talaimendi Trail Orio mendi lasterketa. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta 14 kilometro eta 600 metroko desnibel positiboa izango ditu. Irteera eta helmuga Orioko plazoletatik egingo dira, eta ibilbidea nagusiki Kukuarri (364m) mendiaren inguruan izango da.
Aurten 100 plaza gehiago gehitu dituzte izen-ematera, baita bete ere. Guztira 304 korrikalarik –229 gizonek eta 75 emakumek– hartuko dute parte lasterketan. Antolakuntzak, ordea, probaren aurretik azterketa mediku bat egitea gomendatzen die parte-hartzaile guztiei, eta hauek bere gain hartuko dute proban gerta liekeena.
Sariei dagokienez, gizon zein emakumeen kategorietan hiru azkarrenentzat izango da saria: irabazleek garaikurra, txapela eta 150 euro jasoko dituzte; bigarrenek 100 euro; eta 3. sailkatuek, 50 euro. Horrez gain, lehen oriotarrek ere izango dute saria gizon zein emakumeen kategorian, txapela eta garaikurra jasoko dituzte. Bestalde, urdaiazpiko bat zintzilikatu dute ibilbidean, eta antolatzaileek jakinarazi dute korrilariak nahitaez 10 kilometro inguru egin beharko dituela berarekin soinean.
Hori ez ezik, bosgarren, zazpigarren eta hamargarren kilometroetan ura eskaintzen izango dira. Antolatzaileek, ordea, etiketa berdearen filosofiarekin bat egin nahi izan dute, eta horretarako korrikalari guztiei beren edalontziak eramatea eskatu die.
Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Ikastola pareko zabalgunetik. Ondorioz, herriguneko trafikoa itxita egongo da, eta ibilgailuek Txanka Hondartzatik irten beharko dute 16:45etik 19:30era bitartean.