OCR lasterketetan geldiezin dabil Libana Taboada

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 13a, 14:39

Libana Taboada, joan den astean, Milagroko lehia irabazita, podiumean. (Utzitakoa)

Espainiako ligan eta OCR Series ligan ari da parte hartzen, eta bietan da lider. Atzo, gainera, munduko txapelketarako txartela eskuratu zuen Artaxoako (Nafarroa) oztopo lasterketa irabazita.

Azken bi asteburuetan OCR lehia bana irabazi du Libana Taboada Orioko bizilagunak, joan den astean Milagron (Nafarroa) eta atzo Artaxoan (Nafarroa) izandako saioetan. Oztopo lasterketak dira, eta bi ligatan ari da parte hartzen. Atzokoa irabazita, munduko txapelketarako sailkatu da, eta bi ligetan lider da emakumezkoen kategorian.

Espainiako liga martxoaren 16an hasi zen Hernanin, eta hirutik bi lehia Taboadak irabazi ditu. Beste liga da garrantzitsuagoa, OCR Series deiturikoa. Otsailean hasi zen hori, denera zazpi lehia bakarrik jokatuko dituzte, eta lehiakide bakoitzak egiten dituen bost saio onenak kontatuko dituzte sailkapena osatzeko. Hor lortu du munduko txapelketarako sailkatzea, atzoko lehia, Artaxoakoa, irabazita. Aurreko hiru lehiak ere eginak ditu: laugarren izan zen aurrenekoan, eta bigarren, berriz, beste bietan.

Hurrengo bi hitzorduak urrun samar ditu, bat apirilaren 26an Kanarietan, eta bestea maiatzaren 3an Andorran. 

Taboada, atzo, Artaxoan podiumean. (Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide