Hondarribia eta Santiagotarrak nagusitu dira Nazioarteko XX. Estropadan

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 12a, 19:41

Hondarribiko arraunlari bat ukabila altxata estropada irabazi berritan. Ondoan, bigarren egin duen Orioko zortzikoa. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Arraunketa Elkarteko nesken zein mutilen zortzikoek gogor borrokatu dute garaipenagatik, eta bigarren izan dira emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Hasi eta buka, euripean jokatu dituzte estropadak gaurkoan.

Gaur arratsaldean jokatu dituzte Orioko Nazioarteko XX. Estropadak errioan, eta garaikurrak Hondarribi eta Santiagotarrak zortzikoentzat izan dira. Oriotarrek ez diete erraza jarri garaipena, ordea, gogor borrokatu baitute finalean. Emakumezkoetan, 68 ehunenekoen aldea bakarrik egon da Santiagotarrak eta Orioren artean –02:06,39 eta 02:07,07 hurrenez hurren–. Gizonezkoetan, segundo batekoa, Hondarribiak 01:47,12 egin baitu eta 01:48,38 Oriok. Lehia estua izan da hor ere, zubipera elkarrengadik oso gertu iritsi baitira bi ontziak.

Emakumezkoetan Sevilla izan da hirugarren, eta Viana laugarren. Ez dira finalera sailkatu ez Arraun Lagunak, ez Astillero. Gizonezkoetan ere Sevilla izan da hirugarren, eta Viana laugarren. Finaletik kanpo gelditu dira Zarautz eta Caminhense.

Etxeko ontziek lan ona egin dute, eta zuzenean sailkatu dira finalera, beren estropadak irabazi baitituzte; gaurko bi garaileak ere horrelaxe iritsi dira finalera, beren lehiak irabazita.

Helmuga Herriko Plaza parean

18:00etan hasi dira estropadak, eta hasi eta buka, euripean egin behar izan dute arraunean hamabi ontziek. 650 metroko distantziak egin dituzte, Arraunetxe parean hasi eta Herriko Plaza parean jarritako helmugara arte. Hala, aurtengoan zubi azpitik pasatu dira ontzi guztiak –aurreko edizioetan Salatxo taberna parean amaitzen zen estropada, zubia baino lehen–.

Seina talde lehiatu dira gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta hiruko bi taldetan egin dute arraunean; hala, talde bakoitzak bi estropada jokatu ditu. Estropadak irabazi dituzten taldeak zuzenean finalera sailkatu dira, eta besteek bigarren aukera eduki dute. Lau talde onenek jokatu dute finala estropada bakarrean, eta errioak lau poste edo kale dituenez, ontzi bakoitzak kale horietako batetik egin du arraun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide