Bihar amaituko da saharar errefuxiatuen aldeko diru ekarpena egiteko epea

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 10a, 11:07

Olaia Eizagirre eta Lamat Ali, beren familiekin, aste honetan Orion. (Utzitakoa)

Guerara Orio elkartearen kontu korrontea herritarren eskura jarri dute, eta eltzetxoak ere jarri dituzte herriko hainbat saltokitan.

Orioko Udalak eta Guerara Orio elkarteak herritarrei eskatu diete diru ekarpena egin dezatela Tindufeko kanpalekuetan bizi diren sahararren alde. Astelehenean zabaldu zuten horretarako epea, eta bihar, ostirala, izango da ekarpena egiteko azken eguna. Guerara Orio elkartearen kontuan –ES46 3035 0182 1518 2004 0041– egin behar da. Herriko hainbat saltokitan ere jarri dituzte eltzetxoak, eta horietan ere sar daiteke dirua, bihar 17:00 baino lehen. Zehazki, Goxoki kafetegian, Sukia tabernan, Zipristin dendan, Lasa osteopatia zentroan eta herriko bi farmazietan jarri dituzte eltzetxoak, baita Zaragueta Herri Eskolan ere.

Orioko bi familia joango dira kanpalekuetara Aste Santuaren zati bat han pasatzera, eta bidaia aprobetxatuko dute Tindufen bertan elikagaiak eta oinarrizko materiala erosi eta kanpalekuetara eramateko. Horregatik egin dute eskaera hau udalak eta Guerara Oriok. Elkarte horrek jakinarazi du, gainera, familiarekin bidaliko dutela beraiek ere bildu duten materiala. Izan ere, Sahararen aldeko elkarte horrek urtero sinatzen du hitzarmena udalarekin, materiala eros dezan Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko. "Askotan, ordea, zaila izaten da bildutako materiala haraino helaraztea. Horregatik, aurten Guerera elkarteak familia horren bidaia baliatuko du materiala eta laguntza eramateko Tindufeko kanpalekura eta behar gehien duten familien artean banatzeko", azaldu dute.

Kirola sustatzeko asmoz

Familia bat bihar bertan abiatuko da Tindufera Forondako aireportutik, Olaia Eizagirrerena. Bestea, berriz, Lamat Alirena, larunbatean. Han Aliren senitartekoen etxean hartuko dute ostatu denek, jatorriz hangoa baita Ali bera.

Eizagirrek azaldu du Tindufen eskola garaia del, eta horregatik, bidaia aprobetxatuko dutela kirol ohiturak sustatzeko hango umeengan. "Herriko klubek eta Zaraguetak emandako kiroletako arropa eramango dugu, baita baloi berriak ere", kontatu du. Aisialdiko ekintzak ere egin nahi dituzte, eta hala, eskumuturrekoak nahiz belarritakoak egiteko hariak eta bestelako materiala eramango dute, baita hangoek eskatutako produktu zehatz batzuk ere: "Esan digute ume zein helduentzako medikamentuak emateko, Ibuprofenoak eta Paracetamolak, eta Orioko sahararrek esan digute goxokiak ere asko eskertuko dituztela han; karameluak eramango ditugu, beraz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide