Noemi Ostolaza:"Generoaren 'mainstreaming' deritzonaren alde egingo dugu lan"

Onintza Lete Arrieta eta Usua Garin 2025ko mar. 6a, 09:12

Emakundeko idazkari nagusi berria da Noemi Ostolaza Orioko EAJko zinegotzia, eta argi ditu zein diren Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusiak.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak otsailaren 18an izendatu zuen Noemi Ostolaza (Orio, 1974) Emakundeko idazkari nagusi. Orioko Udalean EAJko zinegotzia da, eta lehendik hainbat postu izan ditu Eusko Jaurlaritzan, beti giza eskubideen edo berdintasunaren arloetan. Martxoaren 8aren atarian, bere kargu berriaz eta Emakunderen helburuez aritu da Gukarekin Saregilen, Orioko emakumeen etxean.

Egun gutxi dira Emakundeko idazkari nagusi kargua hartu duzula, eta bertan da Martxoaren 8a. Egun lanpetuak izaten ariko dira, ezta?

Bai. Lanpostu berri batean hastea beti da erronka, eta nik astebete daramat: egitura eta dinamikak ezagutu behar dira, eta Martxoaren 8ak ere dinamika eta ekintza gehiago ekartzen ditu. Dena den, Emakunden urte osoan zehar egoten da lana. Izan ere, gero eta sentsibilitate handiagoa dago berdintasunaren arloan, eta gizartea gero eta exijenteagoa da. Hori ona da guretzat gizarte bezala, baita erakunde bezala ere, gure idearioan markatuta dagoen helburu hori ari delako gizartean saretzen eta indar pixka bat hartzen.

Miren Elgarresta buru duen Emakundeko zuzendaritzak hamar kide ditu, baina idazkari nagusi kargua hutsik egon da hainbat hilabetez. Zergatik?

Hori ezin dut nik erantzun, agian lehendakariari galdetu beharko litzaioke, baina pentsatzen dut gobernu oso bat hasieratik osatu behar denean hausnarketa asko egin beharko zirela eta profil egokien bila ariko zirela. Josune Irabien zen aurreko idazkari nagusia, irailean joan zen Hizkuntza Politika sailera, eta pentsatzen dut orduan ere hausnarketa prozesua egingo zutela. Azkenean niri deitu zidaten, eta ezin nion ezetz esan erronka honi.

Noemi Ostolaza, aste honetan, Saregile emakumeen etxearen kanpoaldean, Orioko Alde Zaharrean. (Onintza Lete Arrieta)

Profil egokia aipatu duzu. Zeuk baduzu eskarmentua Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen eta berdintasun arloetan.

Uste dut nire bizitzan egin dudan guztiaren oinarrian giza eskubideen defentsa dagoela, eta kargu hau da horretan jarraitzea, baina sektore espezializatuago batean, kabinete buru zarenean gauza oso orokorretan jarduten duzulako. Orain, berriz, erronka ikaragarriak dituen eta lan asko eskatuko duen eremu batean espezializatzea eskatzen dit postu honek. Dena den, nik jardun dudan esparruetan, funtsean, aipatutako giza eskubideen defentsa dago: aurreko legealdia amaitu nuen giza eskubideetako zuzendari izanez, baina gizarte politiketatik nentorren, eta hori ere bada giza eskubideen defentsa. Herrigintzan hasi nintzen gizartea eraldatzeko helburuarekin, eta horregatik oso eroso nago izendapen honekin, uste dudalako koherentea dela nik egindako ibilbidearekin, baita nire pentsakerarekin ere.

Zer eginkizun ditu, zehazki, Emakundeko idazkari nagusiak?

Idazkari nagusiaren lana izaten da batez ere zuzendariari laguntzea. Bion artean osatzen dugu zuzendaritza tandema, eta bion artean garatzen ditugu planifikatutako erronkak –gida liburutzat 2030eko estrategia oinarri hartuta–, baita bidean agertzen direnak ere. Horrez gain, kudeaketan ere badu ardura idazkari nagusiak, eta, batez ere, arloburuekin koordinatu behar izaten ditu hainbat gai, bai tramitazio kontuak, bai pertsonal arloa.

2030eko estrategia horren barruan, zer helburu ditu Emakundek 2025. urterako? Eta epe luzeagorako?

Estrategia bera zabala da, eta hamaika helburu estrategiko ditu, baina aurten, batez ere, azpimarra egingo dugu berdintasunaren inguruko politika publikoak alor guztietan txertatzen; hau da, egiten ditugun politika guztiek zabal dezatela berdintasun begirada hori, izan aldundi, udal nahiz gobernu. Horri deitzen zaio generoaren mainstreaming-a, eta hori lortzeko lan egingo dugu. Horrez gain, beti izaten ditugu lan egitasmo batzuk emakumearen ahalduntzeari nahiz parte hartze sozio-komunitario eta sozio-politikoari bideratuta, eta estrategia inportanteen artean daude soldata arrakalari eta emakumeen pobreziari aurre egiteko neurriak ere. Horri lotuta, enpresetan eta ehun ekonomikoan berdintasuna lortzea nahiz begirada hori txertatzea ere egitasmo garrantzitsua da guretzat.

"Gizonak zaintzara gerturatzea
elementu inportantea
izan daiteke
indarkeria prebenitzeko"

Horiez gain, nola ez, zaintza lanen inguruan ere eragin nahi dugu: horiei balioa eman behar zaie, ikusarazi egin behar dira, eta birplanteatu. Gure gizartean behar gehien dutenak nola zaintzen ditugun hausnartzea inportantea da: zein inplikatzen diren, zeinek hartzen dituzten ardurak eta zaintza lanak nola egiten diren. Beste atal bat da gizonezkoekin eta mutilekin lantzea elementu horiek. Azken batean, zaintzen duen gizon batek ez du minik emango, eta hori inportantea dela iruditzen zaigu. Gizonak hasi dira haurrak zaintzen, eta falta da adinekoak zaintzen hastea. Iruditzen zaigu hori indarkeriaren prebentziorako elementu inportantea izan daitekeela. Horregatik, gizonekin ere lana egitea garrantzitsua da. Giza eskubideen urraketaz hitz egiten ari garenean, esan genezake urraketa handiena indarkeria matxista dela, eta horri buelta emateko lan ikaragarria egin behar dugu beste erakundeekin koordinazioan, erakunde guztien ardura delako emakume biktimei ematen zaien arreta eta prebentzioa; Emakunderena, berriz, koordinazio mahaiaren ardura.

Ez dira erronka makalak... Epe luzeagoko helburuei dagokienez, aipatu dituzun erronka horiek garatzen jarraitzea izango da asmoa, ezta?

Hori da. Azkenean, zer helburu du Emakundek, beste erakunde askok bezala? Bada, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna erreala izatea, eta oraindik errotuta ditugun izaera eta jokamolde batzuk alde batera utzita, denok berdintasunean hazi, hezi eta bizitzea.

Bukatzeko, zeu aurten Martxoaren 8ko zer mezurekin geldituko zara?

Emakundek eta beste erakundeek egin duten kanpainarekin bat eginez, iruditzen zait momentua dela harro eta balentriaz esateko ni feminista naizela. Harrotasunez esan behar dugu hori, feminismoa berdintasuna delako, baita giza eskubideen defentsa eta askatasuna ere. Gizarte osasuntsua nahi badugu, emakume izan edo ez, guztiok izan behar dugu feminista. Denoi egiten digu onura feminismoak, eta uste dut denok batu behar dugula feminismora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide