2025eko lehenengo hiruhileko honetarako lau ikastaro prestatu ditu Saregile emakumeen etxeak, eta horietako bat da hurrengo astean hasiko den Ahalduntzea eta autoestimua izenekoa. Pepa Bojok gidatuta, urtarrilaren 27tik martxoaren 10era izango da, astelehenetan, 17:30etik 19:30era, eta bertan izena emateko epeak zabalik jarraitzen du.
"Autoestimua nortasuna osatzeko funtsezko zutabea da. Autoestimu altua osasun fisiko eta psikologikoaren, ongizatearen, segurtasunaren, norbere baliabideekiko konfiantzaren, baikortasunaren... sinonimoa da", adierazi dute antolatzaileek.
"Emakume gisa hezten gaituzte, horrek dakarren guztiarekin: rolak, estereotipoak, arauak... eta horrek guztiak gure bizitzan egotea eta egitea baldintzatzen du, baita gure buruarekin dugun pertzepzioa ere. Tailer honetan genero-rolek gure autoestimuan nola eragiten duten aztertuko dugu, autokudeaketarako, independentziarako eta autoestimurako gaitasuna handitzeko, eta gure intuizioarekin, sormenarekin, mugimenduekin eta barne-nahiekin konektatzeko", zehaztu dute.
Ikastaroak 15 euro balio ditu, eta izena galdetegi hau betez eman daiteke, baita Saregilera bertaratuta ere (Alde Zaharrean, Pilliku plazan).