Benitok iragarri du. Erretiroa hartuko du, azkenean. Urtarrilaren 6an, Errege Egunez, 83 urte beteko ditu, eta ez dut uste sorpresa handia izan denik. Norbait damutu da jada azkenaldian eman dituen kontzertuetako batera joan ez delako, azkenak zirela iragarri ez izanagatik. Behin jokaldia ikusita, ni neu ere egundoko iragarlea! Baina benetan ohartzen al gara nolako kultur eragile eta ikurreak esaten digun agur?
Askotan hitz egiten da atzerriko ikonoen inguruan: Rolling Stones taldea ikusteko nahia Jagger eta Richards hil aurretik, edo Springsteenen kontzertura ez bazoaz, ez zarela inor. Euskal Herriak bi Bob Dylan eman zituen 60-70eko hamarkadan, ondoren etorriko ziren euskal musikarien hazi izan zirenak; bata, Mikel Laboa, eta bestea, Orioko Bardoa. Oriotarrak, gainera, 60 urte bete ditu ofizioan.
Atzean geratu da gaztetako Elvis Presley hura, rockaren erregearen abestiak euskaratu eta lehiaketa batean aurkeztu zituena. Atzean geratu da Laboak bilera hartara gonbidatu zuenetik. Ez Dok Hamairu, euskal kantugintza berria, protesta abestiak eta frankismoko sasoi iluneko loretxoa. Jaio naiz libre izateko, ta ez loturik egoteko. Atzean geratu dira Zuberoa, Altabizkar-Itzaltzu, Baldorba, Bizkaia maite, Euskal Herri goxua eta, nola ez, sorterria. Nire herriko neskatxa maite. Atzean geratzen dena, ordea, oroimenean iltzatzen da. Hitaz oroit, nola ez.
Belaunaldiz belaunaldi hamaika Benito ezagutu ditugu, betiko orrazkera eta bizar zainduaren atzean. Hasierako ahots melodiko garbitik amaierako boz urratu horretara. Maiteminez, epikoa, sentikorra eta inspiratzailea. Herriko folk doinuetara emana, baina handik eta hemendik edanez, iturri berrietatik probatuz, hala nola Alan Stivell musikari bretainiarrarengandik, Irlandako kantagintzatik (O'Carolan) edo AEBetakotik (Pete Seeger).
Euskal musikaria izanik, etxeko sortzaileak asko zaindu dituen egilea izan da, baita herrikoiak diren kantuak ere, ez ahazteko diskoetan hilezkortu baitzituen; esaterako, Balearen bertsoak, Goizian goizik, Dama gazte xarmant bat eta Amerikara noa. Lertxundirekin kolaboratu duten letragileen artean, Joxe Anjel Irigarai, Josean Artze eta Juan Antonio Urbeltz, baita Jon Maia ere azkenaldian. Bera izan zen Xabier Lizardiren Euskal Pizkunde eta Oi lur, oi lur olerkiei zegokien doinua jartzen asmatu ziena. Oi, ene lur nerea! Oi, goiz eme, parre gozoz ernea!
Gizon handi baten abaroan beti dago emakume handi bat. Atsotizak ez du gezurrik esaten Lertxundiren kasuan. Olatz Zugasti musikaria eta bikotekidea bidaide izan du 80ko hamarkadatik gaurdaino, eta babes handia izan da haren sormen, konposizio eta grabazio lanetan. Aurrerantzean ere hala jarraituko du. Aurrerantzean, kontzerturik eman ez arren, bere ondareaz gozatzen jarraituko dugu. Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi.