Herriko familiek eskola kirolaz duten iritzia jasotzeko galdetegia zabaldu du udalak

Julene Sorarrain 2024ko aza. 20a, 16:00

Orioko etorkizuneko eskola kirola aztertzen duen lantaldeak prestatu du galdetegia eta betetzeko azken eguna azaroaren 30a izango da. Udalak ahalik eta familia gehienen iritzia jaso nahi du, aurrera begira aldatu behar diren kontuak egoki identifikatzeko.

Orioko Udala eta kirol eragileak etorkizuneko eskola kirolaren eredua lantzen ari dira (Guk Oriori atariko Hezkuntza elkarrekin erronkaren baitan). Lanketa horren harira, herriko familientzako galdetegia prestatu dute, gaur egungo egoerari buruzko informazioa biltzeko. Galdetegia LHko eta DBHko ikasleak dituzten familia guztiei zuzenduta dago, eta galdetegia hauen gurasoek eta tutoreek bete beharko dute.

Orioko etorkizuneko eskola kirola aztertzen duen lantaldeak prestatu du galdetegia. Gainera, azpimarratu dute, familiek galdetegiak betez gero informazio baliagarria emango diela. Google Forms formatuan dago eta euskaraz zein gaztelaniaz bete daiteke hemen.

Ahalik eta familia gehienen iritzia jaso nahi du lantaldeak, aurrera begira aldatu behar diren kontuak egoki identifikatzeko. Hori horrela, galdetegia betetzeko azken eguna azaroaren 30a izango da. Bestalde, udalak jakinarazi du ikasleentzako galdetegi bat ere prestatzen ari direla, eta hori ikastetxeetan beteko dutela haurrek datozen egunetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide