Atzo arratsaldean Ortzaikara gerturatu zirenek gozatua hartu zuten Txurrumuski aisialdi taldeko kideei esker, askotariko jokoak egin baitzituzten Oliden jatetxearen aurrean festetarako jarri duten karpan. Hainbat haur eta gaztetxo aritu ziren aulki jokoan, zapi jokoan, imitazioak eginez, dantzan eta bestelako jokoetan, eta txikienek beren irudimena erabili eta marrazkiak egiteko aukera izan zuten.
Tabernan, berriz, txokolate beroa doan banatu zieten hala eskatu zuten guztiei.
Ilundu arte iraun zuen festak, eta gaur, San Martin eguna, meza nagusia izango da San Martin ermitan 10:00etan, eta ondoren, hamaiketakoa, Oliden jatetxean. Bertsoak ere ez dira faltako; Markel Eizagirre eta Iñaki Gurrutxaga ariko dira kantuan.