Orio nagusitu da sanpraxkutako trainerilla txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 13a, 08:44

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak, atzo, pozik, banderak eskuratuta. (Utzitakoa)

Aginagako jaietako estropadan Orio Arraunketa Elkartekoak izan ziren garaile atzo eguerdian gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

Atzo eguerdian jokatu zituzten Aginagako San Praxku jaietako traierilla estropadak Oria ibaian, eta oriotarrak izan ziren nagusi bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan.

Seina traineru lehiatu ziren estropada bakoitzean: gizonezkoetan, Orio, Ondarru, Getaria, San Juan, Hondarribia eta Kaiku. Hurrenkera horretan gelditu ziren sailkapenean. Oriok 8:36,66 denbora egin zuen, Ondarruk 8:43,32, eta Getariak, 8:47,96.

Emakumezkoetan, Orio, Hondarribia, Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Ondarru lehiatu ziren, eta hurrenkera horretan helmugaratu ziren. Lehia estu-estua egon zen, baina Oriok 10:05,87 denborarekin eraman zuen bandera. Gertu-gertu izan zituen Hondarribia (10:07,32) eta Arraun Lagunak (10:07,50).

OAEren izenean, honako arraunlariak lehiatu ziren atzokoan: emakumezkoetan Mireia Uranga, Amaia Arregi, Nahia Badiola, Claudia Armora, Ainhoa Etxenike, Nagore Urdapilleta eta Itxaso Lopetegi (patroia); eta gizonezkoetan, berriz, Jon Olaizola, Iker Zinkunegi, Mikel Lizarralde, Lea Salvagno, Adur Tapia, Aritz Lizarralde eta Oihan Manterola (patroia).

Bideoak eta argazki bildumak ikusgai daude Usurbilgo albisteen berri ematen duen Noaua.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide