Liburuak aukeratzen ikasteko tailerrak eskainiko dituzte

Julene Sorarrain 2024ko urr. 11a, 13:00

Dorleta Kortazar ipuin kontalaria. (Dorleta Kortazar)

Saioak haurren eta gazteen gurasoei zuzenduta daude, eta Dorleta Kortazar ipuin kontalariak zuzenduko ditu. Urriaren 16an eta 23an izango dira, Orion.

Orioko Udaleko Kultura sailak antolatuta, liburuak aukeratzen ikasteko tailerrak eskainiko dituzte, Dorleta Kortazar ipuin kontalariaren eskutik. Bi egunetako tailerra izango da –saio bakoitza bi ordukoa–, eta Kultur Etxean eskainiko dute. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, liburutegian. Gurasoentzako saioak izango dira, eta haurrei eta nerabeei irakurgaiak aukeratzen laguntzeko gakoak emango dituzte. Kortazarrek azaldu duen moduan, helburua da "liburu on bat aukeratzeko gomendioak ematea".

Saioak hiru bloketan banatuko ditu, hala nola adituek, argitaletxeek eta idazleek zer dioten erreparatuz. "Adituek eta haurren eta gazteen literaturaren inguruan lan egiten duten profesionalek zer esaten duten jakin behar dugu. Bestalde, autore klasikoen lanak ezagutzearen garrantzia ere azpimarratu nahi dut. Gazteentzako literaturan espezializatuak dauden argitaletxeen eskaintzaren gainean egon behar gara, beren lana gertutik jarraitzea lagungarri izan daitekeelako. Eta, batez ere, gogokoak ditugun idazleak eta beren lana arakatuko dugu. Hori bai, idazle berriei ere kasu egingo diegu".

Liburu bat ona den ala ez definitzea oso subjektiboa izan daiteke. Baina badaude kalitatezkoa den liburu bat identifikatzen lagun dezaketen irizpide batzuk. Kortazarrek baliabide horiek eskainiko ditu tailerrean, hau da, haurren eta gazteen literaturan adituak direnen erreferentziak emango ditu, hain zuzen: "Istorioak, ipuinak eta liburuak aukeratzea ez da lan erraza izaten batzuetan. Merkatuak eta kontsumismoak agintzen duten garaian, zaila da argitaratzen den horretan guztian arakatzea eta irakurgai aproposak aurkitzea. Nik baliabide ezberdinak eta liburu gomendioak emango ditut. Horrez gain, etxean irakurzaletasuna sustatzeko gakoak ere eskaintzen ditut, bai helduentzat eta baita gazteentzat ere".

"Kalitatezko literatura"

Tailerrak "oso praktikoak" izango direla argitu du, "maleta bete liburu" eramango baitu Kortazarrek saioetara: "Niretzako garrantzitsua da materiala zuzenean ezagutzea; liburuak ukitzea eta ikustea, hain zuzen. Batzuetan zaila izan daiteke liburu hauetara iristea, eta garrantzitsua da ezagutzea zer dagoen publikatuta". Tailerra gaian interesa dutenei zuzenduta dagoela ere azpimarratu du, gurasoei ez ezik, baita hezkuntza nahiz literatura arloko jendeari ere. Saioak "oso gertukoak" dira eta helburua "konfiantzazko espazio bat" sortzea da, "eztabaidak egiteko eta zalantzak argitzeko, liburuei bigarren aukera bat emanez".

Liburuei dagokienez, bereziki euskarazko materiala prestatu du Kortazarrek: "Gaztelerazko gomendioak ere baditut, baina Euskal Herrian ematen dudan tailer bat denez, jendeari erakutsi nahi diot euskaraz ere badagoela kalitatezko literatura. Egia esan, tailerrak ematen hasi nintzenean elebitan egiten nuen, baina iruditzen zait euskaraz egitean, zerbitzu konkretu bat eskaintzen ari naizela, eta funtzionatzen duela ikusi dut. Euskaraz nahiko eduki dago publikatuta. Zailtasun gehiago izan dezakegu material hori eskuratzeko orduan, eta euskaraz argitaratuta dagoen edukiari leku bat egin nahi diot nire saioen bitartez".

Ez da Kortazarrek tailerra eskaintzen duen lehen aldia, izan ere, Euskal Herriko beste herrietan ere eman izan du, eta "oso esperientzia polita" izan ohi dela jakinarazi du: "Uste dut oso ondo funtzionatzen duela, eta jendea motibatuta ikusi izan dut; jakin-mina dute gaiaren inguruan. Eztabaidak ere sortzen dira. Askotan, heziketa prozesuan gaudenean, gauzak modu batean ikusten ditugu; besteek, aldiz, beste modu batean. Bakoitzaren esperientziatik abiatuta, gure ikuspuntua elkarbanatzeko gune bat sortu nahi dut".

Ipuin kontalari saioak

Haur eta gaztetxoentzako, halaber, ipuin kontalari saioa eskainiko du Kortazarrek. Kultur Etxean izango da, eta bertaratu nahi duen orok aurretik izena eman beharko du liburutegian. Saioa azaroaren 28an, osteguna, izango da, 18:00etan.

Helduentzako saioak ere eskaini izan ditu, besteak beste, Ispiluak, 80 amandre eta Hitzen lapurra lanen inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide