Arrain 'arrunt' tentagarriena

Onintza Lete - Gorka Eizagirre 2024ko uzt. 12a, 12:00

Badakite zerbait arrainei buruz Orioko Carmen arrandegian, 1953tik ari baitira arrain saltzen. Bisigu Festaren atarian, arrain horri buruzko xehetasunak kontatu dizkio Orio Gukari Igor Manterola saltzaileak.

Arrainei buruz zerbait badaki Igor Manterola oriotarrak. Ez alferrik, haren familian 1953. urte ingurutik dira arrain saltzaileak; hirugarren belaunaldikoa da bera. Orioko udaletxetik metro gutxira dagoen Carmen arrandegian aurkitu du GUKAk bisigu bat garbitzen bezeroarentzat, Bisiguaren Festa hasteko bezperetan. "Ez pentsa egun hauetan bisigu gehiago erosten dutenik herritarrek; beharbada aleren bat gehiago, baina ez festagatik. Prezio altua du bisiguak, eta ez da etxean jateko arrain bat", kontatu du.

Bisigua arrandegiko erakusmahaian dauden beste arrainekin konparatzeko eskatuta, Manterolak azaldu du "beharbada sarboak zapore gehiago" duela, "bisigua eta legatza suabegoak" direla, baina hori bai, "parrillan denak berdin" egiten direla. Horixe du ezaugarri nagusietako bat bisiguak: parrillan jatekoa dela. "Ez dauka sekreturik: ondo-ondo garbitu behar da, eta parrillan erre, beste arrainak bezalaxe. Beste arrainen olio-erre nahasketa bera botatzen zaio bisiguari; hau da, olioa, gatza eta ozpina. Parrillan hogei minutu inguru eduki, eta jateko prest egongo da".

Bezeroari prestatu berri dion bisiguak 1,2 kilo pisatzen ditu. Haren arabera, hori da parrillarako erabiltzen den tamaina. "Pieza handiagoak merkexeagoak izaten dira, Gabonetan izan ezik; orduan garestiagoa izaten da pieza handiagoa", zehaztu du oriotarrak. "Bisigu bat birentzat izaten da, eta horregatik izaten da garestiagoa", gaineratu du.

Arrain aniztasun handia, baina bisigu gutxi

Orain lehen baino arrain gehiago ala gutxiago dagoen galdetuta, Manterolak azaldu du "duela 40 urte baino arrain aniztasun dezentez handiagoa" dagoela orain. "Bisiguaz galdetuz gero, berriz, asko murriztu da: lehen zegoenaren %25 egongo da orain. Bisigua sortu ezinik gabiltza", esan du zalantzarik egin gabe.

Denek esaten dutena kontatu du: "Lehen hemen nahikoa bisigu bazen, baina orain ez dago. Tarifatik [Espainiako hegoaldea] ekartzen hasi ginen gero, eta han ere bukatu da. Orain Azoreetatik ekartzen dugu, baina han ere laster gauza bera gertatuko da". Etorkizun iluna ikusten du Manterolak, "errekuperazio mantsoa duelako". Adibidea eman du: "Esku artean dudan bisigu honek hamabost urte behar ditu 1,2 kiloko pieza izatera iristeko. Beste arrainak askoz lehenago hazten dira". Horixe du bigarren ezaugarria, baita arazoa ere; "eta, gainera, erraz harrapatzen den arraina" da. "Pena" ematen dio bisigua galtzen ari dela ikusteak, ez baitu argi berreskuratu ahalko denik.

Herriko erretegiek hainbat arrain motarekin lan egiten dutela esan du Manterolak, izan legatz kokotearekin, zapoarekin, erreboiloarekin nahiz sarboarekin, baina bisiguak du arrakasta gehien: "Erretegi denek bisigua nahi dute, hori da ohitura Orion, hori da Orioren marka, baina hori ere galtzen ari da", esan du pena puntuarekin.

Bisiguaren Festa, egitaraua

Bihar, larunbata

  • 11:00etan. Jaiaren aurkezpen ekitaldia eta Tolosako boluntario taldeari omenaldia Harribil dantza taldeak, Salatxo abesbatzak eta Pello eta Nikolasa erraldoiek lagunduta.
  • 12:00etan. Aldapa elkarteak prestatuta, marmitakoa, txotxeko sagardoarekin. 
  • 14:00etan. Bazkaria. 
  • 20:00etan.  Sardinak eta barazkiak parrillan herriko plazan, txotxeko sagardoarekin batera eta musikaz girotuta. 

Etzi, igandea

  • 10:00etatik 12:00etara. Bisigu erre lehiaketa herriko elkarte gastronomikoen artean. 
  • 14:00etan. Bazkaria. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide