Emakume ondarrutarrei traineruarekin harrera egiteko emakume taldea osatu nahi dute Orion

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 22a, 09:00

'Zergatik ez?' taldekoak, 2018an.

Ondarroako emakume talde batek "itsas erronka feminista" egingo du, eta uztailaren 6an handik Oriora iritsiko dira arraunean. Harrera eta bazkaria egingo diete oriotarrek, eta izen-ematea zabaldu dute. Gaur eta bihar uretako ongietorria prestatzeko azken saioak egingo dituzte.

Oria Bizik, Saregile emakume etxeak eta Orioko Emakume Mahaiak jakinarazi dute uztailaren 6an ongietorria egingo diotela Ondarroako (Bizkaia) emakume talde bati. Horiek arraunean iritsiko dira beren herritik Oriora, eta asmoa da barrara ateratzea traineruan, aurreneko ongietorria uretatik egiteko.

Hainbat saio prestatu dituzte traineruan aterako direnentzat, eta gaur eta bihar egingo dituzte azken bi saioak, 17:00etan hasita. Horrez gain, haiei bazkaria prestatzeko ere jendea behar dute, baita lurretik ongietorria egiteko ere.

Ongietorrian edozein modutara parte hartzeko, galdetegi hau betetzea eskatu dute.

Sare sozialetan eta karteletan abaldutako informazioaren arabera, antolatzaileek azaldu dute "2018an Orioko emakume talde batek egin zuen Zergatik ez? erronka oinarri hartuta" egingo duela Ondarroako talde horrek "itsas erronka feminista" Ondarruko andrak erramutan lelopean. Uztailaren 6an hasiko dute ibilbidea, eta eguerdian iritsiko dira Oriora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide