Sanpedroetako txosnak ordutegi zabalagoa izango du, baita erronka argi bat ere

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 21a, 10:44

Edalontzi berrerabilgarri bat.

Egitarauko ekintzekin lotuta txosna eguerdietan eta gauetan irekitzea da asmoa, eta aurten edalontzirik ez erostea erabaki du txosna batzordeak, "benetan sustatzeko berrerabilpena". Horregatik, herritarrei eskatu die "etxean gordetako edalontzi berrerabilgarri horietatik guztietatik bat" eramateko.

Gaur zortzi hasiko da festa Orion, eta ohi bezala, herriko plazan egongo da jaietako txosna. Aurten zenbait berrikuntza prestatu dituzte, eta horien berri eman diote Gukari.

Batetik, txosnaren ordutegia zabaltzea erabaki dute, eta otartekoak eskainiko dituzte. "Merke-merke eskainiko ditugu, eta bertako produktuekin egindakoak izango dira. Beganoentzat aukera ere bermatuta egongo da", azaldu dute.

Txosna eguerdietan eta gauetan zabaltzen saiatuko dira, "egitarauko ekintzen arabera". Hilaren 30ean, esaterako, "herri bazkariaren egunean, hori bukatu bezain pronto irekiko da txosna, giroa mantendu dadin".

Txosnagunean giro euskalduna eta segurua izan dadin "borrokatuko" dutela ere nabarmendu dute.

Edalontziak, etxetik hartuta hobe

Bestetik, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzeko erabaki sendoa hartu dute, eta ez dute edalontzi berririk erosi festetarako.

Urteak daramatzate festetako txosnan plastikozko edalontzien partez edalontzi berrerabilgarriak bakarrik erabiltzen, gutxiago kutsatzen dutelako horiek, "eta berez, pertsona bakoitzak festa guztiak edalontzi berarekin pasatzen dituenez, zero zabor ideologiarekin bat egiten duelako".

Errealitatea beste bat da, ordea: "Konturatu gara urtero eskatzen ditugula edalontzi berrerabilgarriak, eta gainera, kantitate handia eskatu behar izaten dugula; edalontziak desagertu egiten dira, batez ere jendeak etxera eramaten dituelako. Zentzugabekeria da, urtero edalontzi pila bat eskatzen baditugu, ez garelako ari horiek berrerabiltzen".

Horregatik, aurten txosna batzordeak erabaki du edalontzirik ez eskatzea, eta udalak jasota dituenekin moldatzea. Kartelak ere atera dituzte, herritarrei eskatuz etxeko edalontzia eramateko, "txosnan edalontzi mugatuak" dituztelako. "Eskatzen diogu jendeari etxean jasota dituen edalontzi horietatik guztietatik gutxienez bat ateratzea, edalontzi horiei zentzua emateko eta benetan berrerabilgarriak izateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide