Pasa den astetik abian da Orioko Herri Ikastolaren Zero Zabor proiektu solidarioa, eta jangelan sobran geratzen den janaria kontserbatu, behar den bezala ontziratu, etiketatu eta herritarren eskura jarri dute doan ikastolaren atarian kokatu duten makinan. "Proiekturen helburua da ikastolan sortzen diren hondakinak gutxitzea, eta, era berean, hezkuntza komunitateari eta herri osoari ekarpena" egitea, azaldu du Amaia Ugalde ikastolako zuzendariak. "Bide horretan egoera zaurgarrian dauden herritarrei lagundu badiezaiekegu, hobeto. Guk nahi duguna da oriotarrak bertatik janaria hartzera animatzea, eta, modu horretan, beharra duena edo egoera zaurgarrian dagoena ere joango da inolako konplexu edo lotsarik gabe bertara, inor estigmatizatu gabe. Bertan eskainiko den janariak hiru eguneko iraungitze data izaten du. Beraz, behar handiagoa duten herritarrak egongo direlakoan edo lotsagatik janaria hartzen ez bada, zakarrontzira bota beharko dugu, eta pena litzateke ontziratzeko lana hartu ondoren alferrik galtzea", gehitu du.
Orioko Herri Ikastola ez da horrelako egitasmo bat martxan jarri duen eskualdeko lehen zentroa, Azpeitiko Iraurgi ikastetxeak 2021ean abiatu baitzuen Zero Zabor Hozkailua deituriko proiektua, eta ordutik plazan kokatuta dagoen makinak jangelan sobran geratutako janaria azpeitiarren eskura jartzen du. Oriotarrak, berriz, duela bi urte hasi ziren ideia lantzen. "Ikastolako jangelako soberakinekin zer egin genezakeen hausnartzen hasi ginen. Izan ere, bere garaian baserritarrei ematen zitzaien animaliei emateko, baina legeak zorroztu egin ziren arlo horretan, eta zakarrontzira bota behar izaten genuen sobran zegoen janari guztia». Hala, Hernanin (Gipuzkoa) hondakinen kudeaketaren inguruan egin ziren saio batzuetan ezagutu zuten Zero Zabor proiektua, eta ikastolarako egokia izan zitekeela pentsatu zuten. «Ikastolako Plan Estrategikoan jasangarritasunaren bidean pausoak ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta marko horretan sortu genuen proiektua». Bi urtez lantzen aritu ondoren, abian jarri dute jada, eta «erantzun oso ona" izan duela nabarmendu dute.
Bi fasetako prozesua
Ideia sortzetik martxan jartzera hainbat urrats egin ditu Orioko Herri Ikastolak azken urtetan. "Gure helburua ez da izan proiektua martxan jartzea soilik, nahi dugulako ikasleek ere egitasmoan parte hartze zuzena izatea", azaldu du Unai Eizagirre Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak. Rexcatering fundazioarekin eta Ausolanekin elkarlanean jarri dute proiektua abian, eta bi fasetan banatuta dago. Alde batetik, jangelako langileak arduratzen dira han sobran dagoen janaria ontziratzeaz. "Sobratzen den bazkaria ontzi konpostagarrietan bildu ondoren, makina baten bidez kontserbaziorako tenperaturara jaisten da, eta modu horretan hiru egunez manten daiteke jateko baldintza egokian", zehaztu du.
Prozesuaren bigarren zatiaz, berriz, ikasleak arduratzen dira. Eizagirrek adierazi duenez, ikasleek goizero aurreko egunean sobran geratu den janariarentzat etiketak egiten dituzte tablet baten bidez; inprimagailuan inprimatu, eta, ondoren, ontzietan itsasten dituzte, janaria hartzen duen herritarrak informazio guztia eskuragarri izan dezan.
Bestalde, hotz katearen garrantzia ere nabarmendu du Eizagirrek: "Prozesu honetan oso garrantzitsua da hotz katea ez etetea, eta, horregatik, jangelatik makinara distantzia txikia badago ere, tenperatura mantentzen duten motxila berezietan eramaten dituzte ontziak ikasleek. Ikasgelan talde kooperatiboetan lan egiten dute, eta proiektu honetan ere eredu bera mantendu dugu. Hau da, lau laguneko taldetan parte hartzen dute ikasleek Zero Zabor proiektuan, eta lanak banatzen dituzte".
Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek abiatu dute proiektua, baina ikastolako arduradunen asmoa da LH 3 eta 6 mailen arteko ikasleek parte hartzea txandaka. "Ikasleak oso gustura daude, konturatzen direlako herriari ekarpen garrantzitsua egiten ari direla. Egitasmoak berak ere erantzun ona izan du herritarren artean. Proiektu berritzailea izanik, uste genuen lehen egunetan edo asteetan janaria sobran geratuko zela, baina ez da horrela izan. Jendea animatu da janaria makinatik hartzera, eta oso gustura gaude. Askok aipatu digute oso proiektu aberasgarria iruditzen zaiela, eta guk ere hala dela uste dugu. Horrelako egitasmoak oso egokiak dira ikastetxeetarako nahiz ospitaleetarako, jangela handiak ditugun guneetan janari asko sobran geratzen delako egunero eta alferrik galtzen delako".