Sabelak eta zintzurrak goxatzen ari dira oriotarrak gaur goizetik hasita. San Nikolas bigarrena da, parranda eguna ere bai, eta eguraldiak lagundu ez arren, jendez bete da plaza eguerdi partean sagardo dastaketaren aitzakian. Bakioko (Bizkaia) Txeroke txarangakoek girotu dute hitzordua, eta kantuan jarri dute bat baino gehiago.
Horren aurretik, herriko erretiratu asko Zaharren Babeslekuan elkartu da urteroko hamaiketakoa egiteko. Salda beroa, txorixo egosia eta ardoa nahiz sagardoa hartzeko aukera izan dute, eta zerbitzari lanak egiten aritu da alkatea bera ere.
Jende gehien, dena den, Karela kiroldegian elkartu da 14:30 inguruan, han izan baita sanikolasetako herri bazkaria. Familia asko elkartu da, baita lagun talde andana ere, bapo jan eta edateko gogotsu batzuk, eguna lagunartean igarotzeko pozik beste asko. 400 lagun ingururentzat prestatu dute bazkaria goizean hasita sukaldari boluntarioek, eta lan eta lan aurkitu ditu hedabide honek besteak beste Koldo Arruti eta Jesus Makazaga, atzo bertan herritarren omenaldia jaso zuten boluntarioetako bi.
Mahaiak prestatzen eta janaria zerbitzatzen, berriz, gazte talde bat aritu da, eta haiekin ere hitz egin du Hitzak. Baita Iosu Lizarralde zinegotziarekin eta lagunekin bazkariaz gozatzera joan den herritar batekin ere.
Bihar amaituko dira sanikolasak. Honakoa da egitaraua:
Abenduak 8, ostirala
10:00. Ikastolak eta Zastek antolatutako saskibaloi festa solidarioa.
12:00. 10 urtez azpikoen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
Goizean. Gure Boza otxotea.
12:00. Escamot catala emanaldia kalez kale, Talai Mendiko dantzariekin. Ibilbidea: Ibai Ondo, Aritzaga, Plaza.
16:30. Haur eta gazteentzat herri kirolak plazan, Joseba Ostolaza eskolako kirolariekin eta Zaragueta Herri Eskolako gurasoekin.
17:00. Helduen Dardo Txapelketa Bikamiotan.
17:30. Pello eta Nikolasa erraldoiak, buruhandiak eta Danbolin musika eskolako txistu taldea.
17:30. Joseba Ostolaza eskolako ikasleen herri kirol erakustaldia plazan. Oriotarrak kanpotarren kontra aizkoran, harrijasotzen, trontzan eta txingetan.
Oriotarrak: Iñigo Landa, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Garazi Ansa eta Xiker Larrea.
Kanpotarrak: Jon Goenatxo, Xabier Guzta, Imanol Lartain, Ane Zinkunegi, Olaia Esnaola, Josu Urbieta, Gari Garmendia, Estefania Etxebeste eta Asier Altuna.
18:00. Herriko txaranga. kalez kale. Ibilbidea: Plaza, Eusko Gudari, Arrantzale, Plaza, Aritzaga, Ibai Ondo, Aita Lertxundi, Plaza.
18:30. Talo tailerra haurrentzat eta taloak, plazan, Zaragueta Herriko Eskolak antolatuta. Taloa 2,5 eurotan salgai.
19:15. Gipuzkoako Lokotx Bilketa Txapelketa, moilako errepidean.
19:30. Kontzertua: UT!
Euskal kantu mitikoen bertsioak: Errobi, Itoitz, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Niko Etxart, Hertzainak eta abar.
23:00. Zilibito Records taldearen kontzertua.