Dantzari Txikien Dantza Sueltoko Txapelketa:
Omenaldia:
Festa betean dira oriotarrak astearte iluntzetik, Pello eta Nikolasa kalejiran ibili eta gero udaletxeko balkoitik aurtengo omenduek txupinazioa bota zutenetik. Aurreko egunetako zaparradak atzean utzi, eta busti gabe abiatu dituzte jai kutunenak: sanikolasak.
Atzo bertan ospatu zuten egun handia: San Nikolas eguna, eta goizetik hasita, makina bat ekitaldi izan zen herriko hainbat txokotan. Ekitaldi nagusia plazan egin zuten, ordurako ondo ilunduta zela: urteetan herriko ekitaldi eta festetan sukaldari lanetan boluntario aritu den herritar taldea omendu zuen udalak jende andanaren aurrean. Harribil taldeko dantzariek eta herriko abesbatzako kideek parte hartu zuten ekitaldian, eta Anuska Esnal alkateak hitz goxoak izan zituen guztientzat, baita esker onekoak ere.
Goizeko egitaraua Kamel Ziani krosarekin abiatu zuten: berrehundik gora haur eta gaztetxok parte hartu zuten kirol hitzorduan. Gipuzkoako txoko guztietatik bertaratutako korrikalariak (benjamin, kimu eta infantil mailakoak) eta euren familiak bildu ziren, eta giro paregabea sortu zen Muntoko zelaian. Kirolaz gain, kulturak ere izan zuen tartea goizean zehar, herriko txaranga gazteak kaleak zeharkatu baitzituen jan-edan karroarekin batera, festa herriguneko hainbat txokotara zabal- duz. Salatxo abesbatzak San Nikolas eguneko mezan kantatu zuen, eta eguerdian Dantzari Txikien Dantza Sueltoko Txapelketak girotu zuen plaza: Enara Artola eta Mikel Esnal lezotarrek jantzi dituzte txapelak aurtengoan. Eguna amaitzeko, punta-puntako bertso saioa izan zen kiroldegian.
Gaur eta bihar ere ez da aspertzeko astirik izango: sagardo dastaketa eta herri bazkaria egingo dituzte gaur, besteak beste, eta bihar, Escamot Catalaren emanaldia izango da kalez kale. Herri kirol erakustaldia ere egingo dute, Joseba Ostolaza eskolakoen eskutik.