Zer sentipenekin amaitu duzu aurtengo Kontxako Bandera?
Duela bi asteburuko igandearen ondoren, lau segundoko motxilarekin iritsi ginen bigarren jardunaldira. Hala ere, tanda irabaztera atera ginen, baina lehen ziabogarako Arraun Lagunak aurretik genuen. Orduan galdutzat ikusi genuen bandera. Gure lanarekin jarraitu genuen, baina alde egin zigun Arraun Lagunak traineruak.
Tolosaldeak lehen igandean irabazita, gure bigarren helburua haiei aurre hartzea izan zen, hirugarren gelditzeko, eta hori lortu genuen. Ilusioarekin joaten gara Kontxara, baina gauzak beti ez dira nahi bezala ateratzen.
Igandean bertan plazaratu zenuen arrauna utzi egingo duzula...
Bai, patroi gisa nire azkeneko Kontxa izan zen igandekoa. Izan ere, utzi egingo dut arrauna. Ez da oraingo kontua, ordea; aurrez pentsatuta nuen nire azken urtea izango zela aurtengoa. Ibilbide bukaeraz ahalik eta gehien gozatzen saiatu naiz, nahiz eta emaitzek ez lagundu. Amaiera gazi-gozoa izan da, azken estropadak astunak egin zaizkigu zentzu horretan, baina kirola horrelakoa da. Urte askoan izan naiz patroia Orioko emakumeen traineruan, eta oso pozik nago horregatik. Azken finean, traineru bat zerotik sortu genuen, eta gure lana egin dugu; liga irabaztea lortu genuen, baita Kontxako Bandera hiru bider etxera ekartzea ere.
Urte asko daramatzazu Orio Arraunketa Elkartearen parte izaten. Zenbat?
Duela hamazazpi urte hasi nintzen arraunean, Orion. Emakumeen traineruko patroi lanetan, berriz, hamalau osatu ditut.
Nola gogoratuko duzu zure patroi ibilbidearen bukaera?
Argazki orokorra gogoratuko dut: urte hauetako momentu politenenak. Oroitzapen politak izango ditut, asko baita bizi izan dugun guztia.
Nola hartu dute albistea zure senitartekoek zein ingurukoek?
Nire inguruko pertsonek bazekiten, eta igandea, bereziki, hunkigarria izan zen denontzat. Bazkaltzen ari ginela, bertso bat kantatu zidaten taldekideek. Oso gustura egon nintzen.
Oriotarrek asko maite zaituzte...
Bai, Orio bezalako herri txiki batean banderak etxera ekartzea ikaragarria da. Urte hauetan guztietan lan handia egin dugu. Herritar andanak, lehenengo urte haietan, esperantza handirik ez zuen emakumezkoen traineruarengan.Urteen poderioz, ordea, iritzi horiek aldatu egin direla ikusi dut, eta horrek asko pozten nau. Gizartean zabalduta dauden genero aurreiritziak dira horiek. Urte gutxitan erakutsi dugu guk ere entrenatzen dugula eta gure lana eginda gauza handiak lor ditzakegula.
Orioko arraun zaleentzat mezurik ba al duzu?
Eskerrak eman nahiko nizkieke betitik hor egon eta gugan sinetsi duten guztiei. Momentu guztietan ez da erraza izan, baina ez irabazita ere, herritarrak gertu sentitu ditugu. Hasieratik lan handia egin da emakumezkoen trainerua ateratzeko. Herriarentzako gauza asko egin ditugula pentsatzen dut, eta oso baloratuta eta maitatuta sentitu gara. Goraipatzekoa eta eskertzekoa da hori.