2021ean, Xaltxerak talde feministako kideek jakin zuten Orioko mugimendu feminista uste zutena baino zaharragoa zela, 1980ko hamarkadan izan zelako herrian "gizarte parekideagoa" lortzeko lana egin zuen emakumeen taldea. Hari horri tiraka, hainbat belaunalditako emakumeen arteko topaketa antolatu zuten, horiek elkar ezagutzeko eta mugimendu feministak herrian egin duen ibilbidea jasotzeko asmoz. Hain zuzen ere, bilgune horretan sortu zen, lehen aldiz, Orioko genealogia feminista jasotzen duen proiektua sortzeko nahia.
Ametsa errealitate bihurtu da, eta bihar arratsaldean aurkeztuko dute Etxeluze gaztetxean emakumeen eskubideen aldeko borrokak Orion izan duen ibilbidea jasotzen duen dokumentala, Orioko genealogia feministak izenburupean. 18:30ean emango diote hasiera proiekzioari, eta ondoren, solasaldia izango da dokumentaleko protagonistekin.
Harremanak indartuz
Orioko Ahalduntze Eskola zuzentzen duen Pertzetik elkarteko kideek ondu dute dokumentala: Aizpea Esnaolak, Miriam Garciak eta Eider Goiburuk. Ez ziren hutsetik hasi, Xaltxerak talde feministako kideek antolatutako belaunaldien arteko topaketan informazio eta material asko jaso eta horrekin Orioko genealogia feminista islatzen zuen denbora lerroa osatu baitzuten. "Proiektu sakonagoa lantzeko gogoa genuen, baina ohartu ginen lan handia zela militantziatik egiteko, eta Pertzetik elkarteko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, Emakundek emandako dirulaguntza bati esker", azaldu du Eider Goiburuk.
Ia ordubeteko dokumentala osatu dute, eta bertan, olatu feminista desberdinetako emakumeei binaka elkarrizketak egiteaz gain, belaunaldien arteko elkarrizketak ere jaso dituzte, etorkizuneko helburuez hausnartuz. "Belaunaldien arteko harremana indartzea eta etorkizuneko erronkez denon artean gogoeta egitea ere bada dokumentalaren helburua, tamalez, orain arte ez delako transmisioa gertatu", aitortu dute.
Hiru olatu
Egileek uste dute herriko mugimendu feminista osatu duten hiru olatuen artean badaudela hainbat desberdintasun, garaiko testuinguruak baldintzatutakoak: "Lehen olatuan, gorputza, sexualitatea eta antisorgailuen gaia landu zituzten, gehienbat; bigarrenean, hausnarketa feministara bideratuagoa egon zen militantzia; eta hirugarrengoan, aldarrikapenak sozialagoak izan dira. Dena dela, ohartu gara badirela gaiak 40 urte hauetan pil-pilean jarraitu dutenak; beraz, oraindik asko dago egiteko", ondorioztatu dute.