Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Orion, arma zuriz mehatxu egitea egotzita

Aitziber Arzallus 2022ko abenduaren 7a

Ertzaintzak HITZAri baieztatu dionez, goizaldean jazo dira gertakariak, Orioko plazan. Gizonezkoa atxilotuta eraman dute, eta beharrezko diligentziak egin ostean, epailearen esku utziko dute. Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaur 20:00etarako.

Bart gauean Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Orion, beste herritar bati arma zuriz mehatxu egitea leporatuta. Ertzaintzak HITZAri baieztatu dionez, txoznagunean jazo dira gertakariak, Herriko Plazan alegia. 04:55ean, herritar baten deia jaso du Ertzaintzak, gizonezko bat arma zuriz beste bati mehatxu egiten ari zela jakinaraziz. Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira plazara. Gizonezkoa atxilotuta eraman dute, eta uneotan hala jarraitzen du. Behin Ertzaintzak beharrezko diligentziak egindakoan, epailearen esku utziko du atxilotutako gizona. 

Gaur goizean kartelak agertu dira herrian, bart gaueko gertakarien berri emanez. Kartel horietan gizonezkoaren argazkia eta izen abizenak ageri ziren, eta udaltzainek kendu egin dituzte, pertsona bat horrela seinalatzea legez kontrakoa dela eta.

Erasoaren aurrean, gaur 20:00etarako elkarretaratzea deitu dute herriko plazan, festa seguruak aldarrikatzeko eta mota horretako erasoak ez direla onartuko argi adierazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide