Euskal Pentatloi Sariko bi finalak jokatuko dira bihar Azpeitian

Nerea Uranga 2022ko irailaren 23a

Emakumeen II. Euskal Pentatloi Saria eta gizonen V.a izango dituzte jokoan herri kirolariek. Partaideen artean eskualdeko bi daude: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra eta Joseba Otaegi Getariako bizilaguna. 22:00etan hasiko dira finalistak indarrak neurtzen, zezen plazan

Herri kiroletako bi final handi jokatuko dira bihar, 22:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan: Emakumeen II. Euskal Pentatloi Saria eta Gizonen V. Euskal Pentatloi Saria.
Emakumeak izango dira lehiatzen aurrenak, eta hiruk neurtuko dituzte indarrak finaleko saioan: Karmele Gisasolak, Nerea Arrutik eta Lucia Orbek. Gisasolak jantzi zuen Euskal Pentatloiaren aurreneko edizioko txapela, iaz.

Hiru herri kirolariek egin beharko dituzten lanak dira 63 kiloko bola hamabost aldiz jasotzea, 250 kiloko harriarekin plaza bat osatzea, aizkoran 45 ontzako bi egur moztea, 35 kiloko txingekin lau plaza egitea eta 1,5 kilometro lasterka gauzatzea.

Emakumeen txapela erabaki ostean hasiko da gizonen lana. Irailaren 3an Azpeitian bertan jokatutako finalaurrekoan erabaki ziren sei finalistak, eta bi txandatan jokatuko dute bihar finala. Aurrenekoan, Joseba Otaegi Getarian bizi den zizurkildarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Aitzol Atutxa ariko dira. Bigarrenean, berriz, Julen Gabirondok, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak eta Xabier Zalduak jardungo dute lanean.

Gizonen kasuan, finalaurrekoan baino lan luzeagoa eta gogorragoa egin beharko dute biharkoan: 100 kiloko bolari 25 jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin bina plaza, aizkoran kanaerdiko hiruna egur ebaki, 50 kiloko txingekin seina plaza eta korrika hiru kilometro.

Txapeldunen arteko lehia
Euskal Pentatloiaren txapeldunen arteko lehia ikusi ahal izango da biharko finalean. Xabier Zaldua, pentatloiaren aro berriko lehen hiru edizioen txapelduna, eta Izeta VI.a, iaz jokatu zen laugarren edizioaren irabazlea ariko dira txanda berean, finalaurrekoan bezala. Biak aldearekin gailendu ziren irailaren 3ko saioan; 13 minututik behera ibili ziren bakarrak izan ziren, eta 10 segundoko aldea atera zion Zumarragakoak Aiakoari. Finalaurrekoaren laugarren eta azken txandan lehiatu ziren biak, Irazabalekin batera, ordura arteko lehiakide guztiek egindako marken jakitun, beraz, eta finalerako faborito txartelaren jabe egin ziren orain arteko bi txapeldunak. Pare-parean ibili ziren korrikako probaren hasiera arte. Hor, Zaldua segundo apur batzuk aurretik zela, abiatu behar zuen lekutik ez zen abiatu Izeta eta, beraz, atzera egin behar izan zuen, zegokion lekutik irteteko.

Sarrerak salgai
Antolatzaileek atzo aurkeztu zituzten biharko finalak Leaburun (Gipuzkoa), Mahala babeslearen egoitzan. Bederatzi finalistetako zortzi elkartu zituzten han; Otaegi bakarrik falta zen. Biharko finalerako sarrerak salgai daude Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako Kantabriko tabernan. Bihar, berriz, 20:30etik aurrera zezen plazako leihatilan erosteko aukera izango da. 25 euro balio du sarrerak.

Zezen plazako ateak 21:00etan zabalduko dituzte ikusleentzako.

EUSKAL PENTATLOI SARIA
- Emakumeen II. Euskal Pentatloi Saria:
- Karmele Gisasola, 28 urte (Mallabia, Bizkaia).
- Nerea Arruti, 32 urte (Urnieta, Gipuzkoa).
- Lucia Orbe, 33 urte (Bilbo).

- Gizonen V. Euskal Pentatloi Saria:
Lehen txanda:
- Joseba Otaegi, 39 urte (Zizurkil, Gipuzkoa).
- Ioritz Gisasola Zelai IV.a, 25 urte (Mallabia, Bizkaia).
- Aitzol Atutxa, 34 urte (Dima, Bizkaia).
Bigarren txanda:
- Julen Gabirondo, 33 urte (Urnieta, Gipuzkoa).
- Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, 29 urte (Aia).
- Xabier Zaldua, 44 urte (Zumarraga, Gipuzkoa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide