Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu zuten atzo Donostian, eta beroari aurre eginez, milaka zaletu elkartu zen Gipuzkoako hiriburuan. Orioko, Getariako eta eskualdeko beste hainbat herritako zaletuek ez zuten hutsik egin, eta giro paregabean gozatu zuten atzoko jardunaldiaz.
Emakumezkoetan, Orio izan zen nagusi, eta hara joan zen Kontxako Bandera, hirugarrenez. Denboraldi osoan izan da nagusi Nadeth Agirre patroiak gidatzen duen taldea, eta atzokoan ere halaxe izan zen. Dena den, aurkariek lanak zaildu zizkieten Orioko neskei, eta borrokatu beharreko estropada izan zen atzokoa.
Zaleen berotasunik ez zitzaien falta izan, eta horiz jantzi ziren Donostiako kaleak. Emakumezkoen estropada amaitu berritan, poza eta festa lehertu ziren Donostiako kaian. Kontxako bandera eskutan zuela mintzatu zen Nadeth Agirre, eta pozez agertu zen taldeak egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin, "jarritako helburua eta arraunlarien ametsa" bete baitute.
Gizonezkoetan, Orio-orialki laugarren sailkatu zen, eta Getaria bosgarren. Urdaibaik irabazi zuen Kontxako Bandera, nagusitasun osoz. Eskualdeko bi taldeek bandera eskuratzeko ia aukerarik ez zuten, baina jarritako helburuak borrokatzera atera ziren atzokoan. Orioko mutilak sentsazio gaziarekin gelditu ziren atzokoan. Hala adierazi zuen Mikel Lizarralde arraunlariak. Orio arraun elkarteko presidente Iosu Esnaolak, bere aldetik, emakumezkoen zein gizonezkoen lana izan zituen hizpide atzoko jardunaldia amaitu berritan. Sentipen gazi-gozoak erakutsi zituen Esnaolak.
Getariarentzat nahikoa sari zen 39 urteren ostean Kontxara sailkatzea, eta are gehiago bigarren jardunaldian ohorezko txandan lehiatzea. Helburua, zalantzarik gabe, gozatzea zen, eta laugarren postuari eustea lortu ez zuten arren, gogotik gozatu zuten Esperantzakoek. Horrela adierazi zuten Mattin Etxaniz arraunlariak, Ion Larrañaga arraunlari eta entrenatzaileak nahiz Xabier Goikoetxea arraun elkarteko presidenteak.
Herriari eskainitako Kontxa
Arratsaldean, festa izan zen nagusi Orion. Pozez gainezka iritsi ziren Orioko arraunlariak herriko plazara, kalejira alaitsuan, txarangaren atzetik. Herritar guztiak zain-zain zeuden Kontxako heroiak txalotzeko, agurtzeko eta besarkatzeko. Ordurako hasia zen festa herriko kaleetan, eta zaleek harrera beroa egin zieten Orioko neskei.
Dantzariek Agurra eskaini zieten Patxi Francesen arraunlariei, talde tekniko osoari eta arraun elkarteko kideei. Jarraian, udaletxeko batzar aretoan ohiko harrera egin zieten, eta ondoren, ohitura den gisan, arraunlariak balkoira irten ziren bandera preziatua astintzera.
Nadeth Agirre patroiak eta Patxi Frances entrenatzaileak hartu zuten hitza, eta atzoko lorpena "denboraldi bikainaren fruitua" izan zela azpimarratu zuten. Era berean, herriaren babesa eskertu zuten, eta, herritarrei eskaini zieten garaipena. Ospakizuna borobiltzeko, Mirotza abestia kantatu zuten Orioko plazan elkartutako ehunka zaleek.