Sekulako giroa izan da gaur goiz-eguerdi partean Donostiako badian, portuan, Paseo Berrian nahiz arranplan. Kontxako Banderako lehenengo jardunaldiak kolorez jantzi ditu bazterrak, baina denen artean, eskualdekoak aipatu behar: hori kolorez egon dira asko eta asko Orio Orialkiko bi traineruak animatzen, eta marroiz beste mordoa, horiek Getariako gizonezkoen trainerua animatzen.
Getariarrak, gainera, tropelean ibili dira, eta bandera eta ikurrinez gain, txaranga ere eraman dute. Iskanbila galanta sortu dute momentu batzuetan, baina gaurkoan ezer ez zegoen soberan, 1973tik aurrenekoz jokatu baitute Kontxako estropada. Lehia hasi aurretik pozik baziren zaleak, zer esanik ez laugarren egin eta arranplara iritsi direnean Esperantzakoak.
Igor Arana zalea, esaterako, hantxe izan da traineruari itxoiten. Villabonatarra izan arren, Indauxen egiten du lan Getarian, eta elastiko marroiarekin joan da Kontxara. "Ongietorria egin nahi izan diegu Esperantzakoei, egin duten estropada arrakastatsuagatik. 49 urte eta gero, laugarren, eta horrelaxe ospatuko dugu", adierazi du. Andoni Galarraga zena gogoan izan du Aranak–Indauxeko langilea eta Getariako arraunlaria zen eta iaz hil zen–, eta baita arraunlariek ere, estropada amaitu eta talde argazkia ateratzean haren omenezko elastikoa zabaldu baitute.
Zaletu gaztetxoak ere asko ibili dira portu eta arranpla inguruan. Igone Aizpuru getariarra izan da horietako bat. Kontxako estropadetara ez da aurreneko aldiz etorri, baina hala ere, aurtengoa berezia izan dela azpimarratu du. "Arraun zaleak ginen lehendik ere, baina aurten ikusita Getaria egongo zela, uau, herri osoa hemen dago Getaria animatzen. Gainera, traineruko guztiak herrikoak izanda... Oso pozik nago, Oriori irabazi diogulako eta ohorezko txandan sartu garelako, oso hunkituta nago". Esan du ezin dela gehiago eskatu, "egun borobila" izaten ari dela. Goizean iritsi dira Donostiara, autobusez, eta zerbait jan ondoren, Alde Zaharrean buelta bat emango dutela azaldu du. Eta, datorren astean, berriz etortzekoak dira. "Berriz ere lehenengo ilaran izango gara taldea animatzen eta dena ematen", esan du irribarretsu.
Kontuak kontu, bateko eta besteko zaleen artean giro paregabea egon da, eta kolore desberdinetako kamisetak zituzten zale dezente ikusi da elkarrekin, batez ere Orio eta Getariakoak. Zumaiako zaleak ere ibili dira portuan, elastiko gorriak soinean, arraunaren festaz gozatzen.