Emakumezkoen estropada eta gero, gizonezkoen txanda izan da Kontxan. Bi aldiz irten behar izan dute traineruek lehen txandan, epaileen esanetan, "lerrokatu gabe" zeudelako traineruak. Bertan jardun dute Oriok eta Getariak, Hondarribia eta Kaikurekin batera, eta azkenean bigarren eta hirugarren amaitu dute txanda Getariako eta Orioko mutilek, hurrenez hurren, Hondarribiaren atzetik. Lehia bizia izan da eskualdeko bi taldeen artean, une oro alboan izan baitute Esperantza Orioko mutilek. Momentu jakin batean, epailea ere sartu da beraien artean, gerturatzen ari zirelako.
Sailkapen orokorrari dagokionez, laugarren sailkatu da Getaria (19:44.98), eta bosgarren Orio, 19 minutu, 50 segundu eta 58 ehunetan. Aurretik, Urdaibai (19:21,56), Hondarribia (19:29,20), Donostiarra (19:29,26) sailkatu dira. Horrenbestez, ohorezko txandan ariko dira getariarrak hurrengo astean, eta kontsolazio txandan mirotzak.