Aurreikuspen denak bete dira: Orio Orialki eta Getaria Donostiako Estropadarako sailkatu dira. Oriotarrak beti sartzen dira faboritoen multzoan, eta gaurko sailkatze proban ere ez dute hutsik egin. Getariarrek egundoko denboraldia osatu dute Eusko Label ligan egin duten estreinako urtean, eta bertan lortutako emaitzak kontuan hartuta, lehen zortzi traineruen artean egongo zirela espero zuten askok. Esperotakoa uretan erakutsi dute, eta datorren igandean Donostiako badian ariko dira Esperantzako mutilak, 49 urte eta gero, Orioko mirotzekin batera.
Eusko Label Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dauden gainontzeko traineruek ere ez dute hutsik, eta horiexek sailkatu dira inolako arazorik gabe. Hondarribiak egin du erlojupeko denborarik onena (19:43,72), eta bigarren sailkatu da Zierbena, 20:00,26ko denbora eginda. Orio izan da hirugarren, eta laugarren Getaria. Beraz, eskualdeko taldeen artean, bi horiek izango dira datozen bi igandeetan eskualdea ordezkatuko dutenak. Mirotzen kasuan lehenengoek baino 19 segundu eta 54 ehunen gehiago behar izan dituzte helmugaratzeko (20:02,74). Getariarrek, aldiz, 21 segundu eta 84 ehunen gehiago (20:05,56).
Ondorioz, zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Hondarribia, Zierbena, Orio, Getaria, Urdabai, Kaiku eta Ondarroa; hurrenkera horretan sailkatuta.
Gainerakoak, kanpoan
Zarautzek eta Zumaiak ez dute Kontxarako txartelik lortu. Saiatu saiatu dira, baina ezinezkoa izan da lehen zazpi postuetan sailkatzea. Zarauztarrek hamabosgarren postuan bukatu dute, 20:56,42 denborarekin. Zumaia, berriz, hemezortzigarren sailkatu da (21:10,92).
Nesken txanda, bihar
Gizonezkoena erabakita, emakumezkoen txanda izango da biharkoan. Liga irabazita, Kontxaren bila joango dira Orioko neskak, eta sailkapen estropadan ariko dira Zarauzko eta Zumaiako neskak ere.