Behe lainoa izan da protagonista gaur eguerdian Boiron (Galizia). Izan ere, gaur han jokatu beharreko Eusko Label ligako estropada eragoztekotan egon da. Azkenean, ordea, hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin, abiatu da asteburuko bigarren jardunaldia eta ligako azken hirugarrena. Itsasoko baldintza onekin egin dute arraun, gainera.
Eskualdeko taldeen artean, Getaria izan da lehiatzen aurrena, bigarren txandan. Aldaketa askorekin atera da Esperantza ontzia, Kontxako sailkapen estropadan pentsatzen, ziurrenik, eta harako indarrak gorde nahian. Bere txandan hirugarren helmugaratu da, baina lehia estua egon da denen artean; hiru segundoren barruan sartu dira, izan ere, hiru traineru.
Orio Orialkik ere aldaketa asko egin ditu traineruan, arrazoi beragatik. Orio B taldeko gazteei ere eman die arraunean egiteko aukera Jon Salsamendi entrenatzaileak, eta estropada txukuna egin dute, azkenera arte hirugarren postuan mantenduta. Donostiarrari tartea aterata ere ibili dira oriotarrak. Azken metroetan, baina, Donostiarrak hartu die aurre, eta laugarren helmugaratu dira Salsamendiren mutilak. Getaria, berriz, zazpigarren izan da sailkapenean.
Kontuak kontu, sailkapen nagusian ez die eragin gaurko estropadak eskualdeko ontziei –laugarrenak eta bosgarrenak dira Orio eta Getaria, hurrenez hurren, sailkapen nagusian–.
Goialdean, berriz, lehia ezin estuagoan dabiltza Urdaibai eta Hondarribia. Atzo bandera bizkaitarrentzat izan bazen, gaur Hondarribiak lortu du garaipena, eta aise, gainera, 11 segundoko aldea aterata Urdaibairi. Hiru puntuko aldearekin iritsiko dira azken bi estropadetara –Urdaibai da lider–. Aurrez, ordea, Kontxako Bandera egongo da jokoan.
Gaurko sailkapena