Udane Ostolaza oriotarrak irabazi du Euskadiko I. Kintopeko Harri-jasotze Txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 19a, 12:10

Hiru neska lehiatu dira, hirurak eskualdekoak: Ostolazaz gain, Aroa Sanchez oriotarra eta Olaia Esnaola azpeitiarra izan dira lehian Gernikan (Bizkaia).

Atzo Gernikan (Bizkaia) jokatu zen emakumezkoen Euskadiko I. Kintopeko Harri-jasotze Txapelketa, eta hiru neska lehiatu ziren bertan, hirurak eskualdekoak: Aroa Sanchez eta Udane Ostolaza oriotarrak, eta Olaia Esnaola azpeitiarra.

Ostolaza nagusitu zen, eta berarentzat izan zen txapela. Sanchez izan zen bigarren, eta Esnaola, berriz, hirugarren. Joseba Ostolaza Harri Eskolakoak dira hirurak.

50 kiloko zilindroarekin hiru minutuz aritu ziren lanean, eta 50 kiloko kubikoarekin beste hiru minutuz. Ostolazak 32 altxaldi eman zizkion zilindroari, eta 18 kubikoari; Sanchezek 29 eta 19 jasoaldi egin zituen; eta Esnaolak, berriz, 27 eta 17 altxaldi lortu zituen.

Plazaz plaza dabiltza uda honetan harri-jasotzaile gazteak, eta emakumeek kirol horretan hartu duten indarraz ere orain gutxi mintzatu da Ostolaza hedabide honekin, erreportaje honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide