Garaipen bikoitza eskuratu du gaur Orio Orialkik: Caixabank Bandera, eta Euskoten liga (matematikoki). Oker handirik ezean, liga amaitzeko bi jardunaldi falta badira ere, ligako irabazle izango da Orio. Ondo kostatako garaipena izan da, ordea, lehia estu-estua izan baitu Arraun Lagunakekin.
Lehen kaletik egin du arraun Oriok, Castroko (Kantabria, Espainia) uretan. Estropadaren hasieran buruan izan da, baina pare-parean heldu dira ziabogara Arraun Lagunak eta biak. Itzulerako luzean aurrea hartu du Arraun Lagunakek, baina Oriok oso gertutik jarraitu dio, eta azkar batean segundo berean jarri dira bi traineruak. Azkenean, fotofinish-ari begiratu behar izan diote irabazlea erabakitzeko eta, 0,14 segundogatik izan da Oriorentzat bandera.
Datorren asteburuan Zarauzko Ikurriña izango dute jokoan, eta ondo bidean, Euskotren ligako bandera altxatuko dute bertan. Behin estropada horiek amaituta, Kontxako lehiara begira ipiniko dira oriotarrak.
20:00etan harrera
Badu zer ospatua gaur Orioko herriak. Bi bandera eskuratu ditu asteburuan emakumeen traineruak eta liga ere poltsikoratuta daukate. Arraunlariei merezi duten harrera egiteko, 20:00etan ipini du hitzordua arraun elkarteak, ohi bezala, herriko plazan.
Laugarren Orio eta bosgarren Getaria, gizonetan
Estropada eremu berean jokatu da Eusko Label ligako estropada. Larunbatean Ondarroan izandako emaitzen arabera osatu dira gaurko estropadako txandak, eta Orio-Orialki –atzo zortzigarren– bigarren txandan aritu da Santurtzi, Ares eta Donostiarrarekin batera. Lehen ziabogararko traineru bateko aldea atera dio Donostiarrak, eta alde hori jan ezinik aritu da San Nikolas trainerua. Lehen bi luzeetan, gainera, hurbil izan ditu galiziarrak eta bizkaitarrak. Hirugarren luzetik aurrera aldeak egonkortu dira, eta bere txandan bigarrena izan da Orio (20:45,18), Donostiarraren (20:36,78) atzetik, baina Santurtzi (20:54,48) eta Aresen (21:12,76) aurretik.
Getaria, bederatzigarren larunbatean Ondarroan, lehen txandan aritu da gaur Zierbena, Lekittarra eta Kaikurekin batera. Hasieratik burua hartu du Esperantza ontziak, eta lauzpabost segundoko aldearekin eman du ziaboga lehen postuan. Hortik aurrera Zierbenak bakarrik eutsi dio getariarren martxari, Leketiokoak eta Sestaokoak atzean geratu direlako. Hirugarren ziabogan denbora berean eman dute buelta gipuzkoarrek zein bizkaitarrek, eta azken luzean, hortzak estututa, txanda irabazteko gai izan da Getaria (20:54,04), Zierbenaren (20:56,62).
Estropadako sailkapenari dagokionez, hirugarren txandan, ohorezkoan, aritu diren Hondarribiak eta Urdaibaiek lortu dituzte denbora onenak. Hondarribiak eraman du Castro Urdialeseko bandera 20:30,73 denborarekin; bigarren Bermeoko eskifaia izan da, hondarribitarrekiko bi trainerura (20:36,04). Orio laugarren izan da gaur, eta bosgarren Getaria.